... eta neonezko argiekin behin eta berriro berpiztu den espazioa. 80ko hamarkadako lumpen estetika gorde duen tokia. Pertsona izango balitz, oraindik, mirari bati esker, bizirik dirauen adineko punk xarmangarri horietako bat izango litzateke. Ez du hain modan jarri diren kafe antzoki edo jazz kluben lilurarik, baina bere kudeatzaileek antolatzen dituzten kontzertuetan kulturaren magia piztu dute.
Zein da sekretua? Gauza txikien batuketa: mikro formatua, musikaren gertutasuna (fisikoa eta emozionala), publikoarekiko konplizitatea eta antolakuntza eredua, Argentinan krisi garaian espectáculos a la gorra izenpean modan jarri zen tankerakoa. Taberna azpiegituraz arduratzen da eta ikuskizuna bukatzen denean, ikusleek borondatea ematen dute.
Londresen etxe partikularretan mikro antzerkiak antzezten dira, Buenos Airesko liburu denda txikietan mikro ipuinen saio arrakastatsuak burutzen dira, Parisen argitaletxe txikiak biderkatu dira eta idazle gazteek auto-argitaratzeari ekin diote. Valentziako zenbait musika taldek autobusetan jotzen dute, Interneten crowfundig-a modan dago eta Euskal Herrian jendarte anitz eta zabal batek, tantaz tanta, gizarte eredua irauli nahi du.
Badirudi krisi garai honek sormena astindu eta mikro kulturaren mugimendua abiarazi duela. Toki eta denbora txikian gauzatzen den saio kulturala, ia aurrekontu gabe eta non hurbiltasunak eta freskotasunak garai bateko handikeria ordezkatzen duen. Lan prozesu berria, sortzailearen eta kontsumitzailearen arteko amildegia ekiditen duena eta herritar bakoitzari bere kultur nortasunaren eraikitze prozesurako oinarrizko baliabideak eskaintzen dizkiona. Kultura ofizialetik haratago doan eredua eta herritarron bihotz, kultur taupadetan oinarritzen dena.