Zehatzago, gazteak nagusien kontra. Gazteek soldata eskasak dituzte, etxebizitza erosteko edo alokatzeko eta emantzipatzeko zailtasun handiak. Horiekin alderatuta, nagusiek pentsio altuak omen dituzte eta nolabait aditzera ematen da pentsiodunak direla gazteen egoera txarraren errudun.
Baina batak ez du bestearekin zerikusirik. Gazteen soldata murritzak eta lan baldintza prekarioak ezin zaizkie pentsiodunei aurpegiratu. Gazteen egoera makurraren errudunak dira enplegu legedia, arauak betetzen ez dituzten enpresa eta administrazioak, azpikontratak eta gehiegikeriak.
Gazteak eta nagusiak elkarren kontra jarrita, benetako arduradunek betikoa egiten jarraitu dezakete. Berdin, bertakoak eta etorkinak elkarren kontra jarrita. Bizimodu baten bila kanpotik etorritako gizonak, emakumeak eta haurrak izango balira bezala gure arazoen iturri.
Iritzi zutabe batean irakurri dut uda honetan 16 urtetik gorakoen boto eskubidea ezarri behar dela ezinbestean, zahartutako gizarte honetan nagusien botoak duen pisua konpentsatzeko. Badaude argudioak horrelako neurri bat defendatzeko: adituek diote horrek gazteen parte-hartze politikoa bultzatzen duela luzera. Bestalde, ez duela logikarik legez lan egin dezakeen 16 urteko gazteak edo tratamendu baten inguruan erabaki dezakeen gazte horrek ezin bozkatzea hauteskundeetan. Baina ez, artikuluaren argudioa zen beharrezkoa dela gazteek, botoaren bidez, nagusien eragina leuntzea, apaltzea. Boomer delako belaunaldia erretiroan sartzen ari da eta indar handiegia baitute haien botoek.
Gazteek soldata egokiak eta lan baldintza duinak behar dituzte, eta pentsiodunek, bizitzako azken urteak duintasunez bizitzea ahalbidetuko dien diru sarrera.
Aste honetan itzuli dira pentsiodunak asteroko mobilizazioetara. 7 urte dira jada. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatzen ari dira. Gure gurasoak eta aitona-amonak dira. Eta haien borroka eredugarria da.