Udazkena gatazkatsua, beroa, etorri zaigu aurten. Greba feminista orokorraren biharamunean gaude; ziur arrakastatsua izan dela. Bestetik, beste bi greba deitu ditu gehiengo sindikalak arlo publikoan: urriaren 25ean egindakoa eta abenduaren 19an egingo dena.
Ez da erraza greba egitea, ez da erosoa gatazka. Batzuek zalantzan jartzen dute tresna baliagarria denik. Batzuk ez daude prest nagusien aurrean tente jartzeko, eta espero dute besteen sakrifizioa nahikoa izatea helburua lortzeko. Langile batzuek ezin dute jasan diru galera, eta, okerrena, batzuek enplegu informalak eta kontraturik eta eskubiderik gabeak dituztenez, grebarako eskubiderik ere ez dute.
Baina nabarmen geratu da tresna baliagarria eta eraginkorra badela. Eta nago sektore publikoari eragingo dion neurri bat bultzatzeko balio izan duela. Langile publikoak borrokan daude azkenaldian. Besteak beste, lan kargak murriztea eta soldata igoera eskatzen ari dira, urteetan izan duten galera berreskuratzeko. Kalean ikusten ditugu Osakidetzako langileak, hezkuntzakoak edo ertzainak.
Jaurlaritzatik, orain arte, erantzuna izan da funtzionarioen eta langile publikoen soldatak Espainiako aurrekontuetan zehazten direla eta ez dagoela hemen ezer negoziatzerik. Bada, PSOEren eta EAJren inbestidura-negoziazioan adostu dute Ekonomia Itunaren baitan negoziatu ahal izatea lanpostu kopurua eta soldata igoera ere. Horrenbestez, ez dago aitzakiarik. Eskumena ez da jada izango estatuarena, Euskadirena baizik.
Orain behar da eskumen hori erabiltzea, lan baldintzak eta soldatak hemen negoziatzeko eta hobekuntzak lortzeko. Horrek ere bultzada beharko du. Abenduaren 19an dute hurrengo hitzordua sektore publikoko langileek.