Zergatik ez dira langile publikoak?

Erabiltzailearen aurpegia Miren Josu Arrazola 2023ko urt. 13a, 00:00

Barakaldoko Udalak kultura zerbitzuak kudeatzeko kontratatu duen enpresako langileek ez dute euskara eskakizuna bete beharrik.

Hala ebatzi berri du Euskadiko Auzitegi Nagusiak, CCOO sindikatuak helegitea aurkeztu ondoren. "Enpresa pribatua izanik langileei ezin zaizkie ezarri langile publikoen betebehar berberak", esan du.

Ondorioz, Barakaldoko herritarrek kultura alorreko zerbitzu publikoetara jotzen dutenean ez dute izango bermatuta administrazioarekin harremanak euskaraz izatea. Ondorio larria eta oso kaltegarria euskararen erabilera hedatzeko bidean; are gehiago, kulturgintzaz ari garenean.

Baina badago logika bat hor atzean. Langile publikoen baldintza berberak eskatuko badizkiegu enpresa pribatu baten langileei, zerbitzu publiko bat eman behar dutelako, zergatik ez dira langile publikoak? Zergatik ez ditu kontratatzen zuzenean udalak?

Horrelako azpikontraten atzean prekarizazioa eta lan baldintza okerragoak egoten dira beti. Herritarren zergekin ordaindutako zerbitzu bat langileen baldintza txarretan oinarrituta. Bi aukera daude: administrazioak zerbitzu egokia emateko behar den baino diru gutxiago jartzen du edo tartean negozioa egiten ari da norbait.

Gizarte zerbitzuetan daukagu adibide argia. Adinekoen erresidentzia gehienak enpresa pribatuen esku daude. Zerbitzu publikoa eta diru publikoa, baina negozio pribatua. Langileen lan baldintzak onartezinak izaten dira. Lanaldi partzialak, ordutegien malgutasun neurrigabea eta lan karga handiak. Lan gogorra eta soldata eskasa, guztiz feminizatuta dagoen sektore batean. Langileek eta egoiliarrek ere jasaten dituzte egoera horren ondorioak, arreta nahikorik eta zaintza egokirik ezin baitiete eman.

Langile publikoen baldintzak ez badituzte, zilegi al da haien betebeharrak eskatzea? Zergatik ez dira langile publikoak?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak