Beste bat: Txinako Neguko Olinpiar Jokoetan erabiltzen ari diren elur guztia, den-dena, artifiziala da. Antolatzaileek esan zuten 180 milioi litro ur erabiliko direla, baina, beste iturri batzuen arabera, 2.000 milioi litro ur beharko dira. Eta pentsa elur hori sortu eta mantentzeko behar den energia.
Orain, gasa eta energia nuklearra energia berde izendatu ditu Europak. Ez dira garbiak eta horrek, gainera, energia berriztagarrien garapena oztopatuko du, berriztagarrietara
bideratu beharreko inbertsioak gas eta energia nuklearra ekoiztera bideratuko direlako.
Nolanahi ere, energia garbien inguruan ere zalantza asko daude. Energia eoliko eta eguzki energia instalazioek paisaia suntsitzen dute, eta ekosistemak larri kaltetzen dituzte. Ez hori bakarrik, mineral kritikoak behar dituzte eta, gainera, produzitzen duten energia jarioa ez da etengabea eta egonkorra, erregai fosiletatik datorrena bezala.
Munduko erakundeek eta gobernuek goi bilerak eta adierazpen potoloak egiten dituzte klima aldaketa geldiarazteko, baina euren jardunean denek dute xede hazkundea, kosta ahala kosta. Eta ez da posible 7.800 milioi pertsona bizi diren planetan etengabeko hazkundea.
Klimaren aktibistak aspaldi ohartarazten ari dira: ezagutzen dugun bizimodua aldatu egingo da. Aldaketa hori era antolatuan egin beharko litzateke, desazkundearen bitartez. Aldiz, ez badugu ezer egiten, askoz larriagoak izango dira ondorioak eta, beti bezala, zaurgarrienek sufrituko dute gehien. Ez dago irtenbide magikorik, eta zuzen dator meteoritoa.