Aldi berean, sareak gune demokratikoa ere badira, edonork parte hartu dezakeen aldetik. Badira bizpahiru urte Twitterren nabilela. Ez naiz erabiltzaile osoa, ez baitut ekarpenik egiten. Baina egunero sartzen naiz eta orduak ematen ditut, batez ere informazioa eta albisteen analisia jasotzeko. Baliagarria zait oso, baina ondorio txarrak ere ekarri dizkit. Aspaldi honetan askoz liburu gutxiago irakurri ditut. Eta susmoa daukat testu trinko, konplexu eta luzeak irakurtzeko adorea eta kontzentrazioa murriztu zaizkidala. Aldaketa horretaz jabetu naiz, behintzat, eta erabakita nago Twitterren erabilera neurtu eta lehengora itzultzera. Hausnarketa horretan nabilela, beste plataforma baten berri izan dut: Twitch, komunikazioaren mundura iritsi den azken berrikuntza. Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetan garrantzi nabarmena izan omen du, gazteengana errazago heltzeko, freskotasunez, umorez... Eta Black Lives Matter mugimendutik ere erabili dute, komunikabideek errealitatea moldatu ez dezaten. Izan ere, betiko komunikabideetatik ia guztiz deskonektatuta daude gazteak, eta urrundu besterik ez dira egingo komunikabideak ez badira egokitzen garai berrietara. Nik egunotan pare bat liburu erosi ditut, hurrengo plataforma berriaren zain.