Ia bi hilabete dira gaixotasun berria Euskal Herrira iritsi zela. Aretxabaletara, hain zuzen, lehenengo bi kasuetako bat. Indar guztiak osasun larrialdiari aurre egiteko jarri dira, baina jarduera ekonomikoa eta bizimodu berri bat berreskuratu beharko ditugu. Eta nolako eredua nahi dugun erabakitzeko unea da: egoera honetara ekarri gaituen berbera?
Birusa bereziki arriskutsua da adinekoentzat, eta zaharren egoitzetan bizi direnak jo ditu gogorren. Hildakoen erdiak erresidentzietako egoiliarrak dira. Denbora beharko da tragediaren benetako neurria argitzeko. Baina sakoneko aldaketa behar du adinekoen zainketa instituzionalizatuak. COVID-19aren aurretik ere sektorea krisian zegoen, lan gatazkan murgilduta aspaldi. Urtetan langileak lan baldintzak salatzen ari dira eta baliabide gehiago eskatzen dituzte egoiliarrei arreta, denbora eta zainketa duina emateko. Zerbitzua gehienetan publikoa izanik ere, kudeaketa pribatua da. Enpresek kontratua eskuratzeko eskaintza ekonomiko baxua egiten diote administrazioari eta, ondoren, etekina ateratzeko zerbitzua eta lan baldintzak estutzen dituzte. Zainketa eta negozioa ez dira ondo uztartzen. Eta koronabirusak oso gordin azaleratu du hori.
COVID-19aren beste foku handia ospitaleak dira. Harro egon ohi gara gure osasun ereduaz eta harro egotekoa da. Eta eskertuta gaude langile guztiekin. Izugarria da osasun larrialdiari ematen ari diren erantzuna, ezinbestekoak diren prebentzio neurririk gabe, euren osasuna arriskuan jarrita ere. Izan ere, babes ekipamendu, diagnostiko eta tratamendurako tresnen gabezia larria daukagu osasun krisia hasi zenetik.
Globalizazioaren akatsak argitara atera dira. Maskarak, arnasgailuak eta testak hil ala biziko gaiak dira eta gehienak Txinan egiten dira. Orain, munduko herrialde guztiek aldi berean behar dituzte eta ezin da behar hori ase. Eta lotsagarria da gai horiek erosteko dagoen espekulazioa eta amarrua.
Europako agintariak jabetu dira produkzio ahalmena berreskuratu behar duela Europako Batasunak.
Izan ere, adituek argi daukate horrelako birus gehiago etorriko zaizkigula. Zientziak ohartarazi du ekosistemak suntsitzen ditugunean bidea irekitzen dizkiegula birusei animalietatik gizakiarengana salto egiteko, eta zoonosi berriak gertatuko direla zalantzarik ez dago.
Baina aurrena, honetatik irten behar dugu.
Hondamen handia datorkigu eta inbertsio publikoa indartu behar da guztion bizi baldintzak bermatzeko. Politika munduan ikusten ari garena ez da oso lasaigarria, eta gizarteari egokituko zaio agintariak estutzea inor atzean ez uzteko. Mundu osoan autoritarismoa indartzen ari den honetan, krisian dagoen aro baten bukaera sumatzen da. Aro berriaren oinarriak ezartzeko garaian gutako bakoitzak, herriek, ez genituzke zokoratu behar munduak dituen erronka garrantzitsuak. Irakurri duzue? Kutsadura murriztu dela eta, Indian, Himalaiako gailurrak ikusten dira berriro 160 kilometrora dagoen Jalandhar hiritik. 30 urtetan lehenengo aldiz.