Txoriak eta 'Mozart efektua'

Erabiltzailearen aurpegia Maria Izaga 2019ko eka. 23a, 00:00

Orain dela ez asko, Internetetik galduta nenbilen egun batean, Mozart efektua deituriko fenomeno batekin topo egin nuen.

Musika klasikoan murgilduta bizi naizen arren –eta, orain, sarrera probekin, inoiz baino gehiago–, ez nekien ezer horri buruz. Badirudi Mozarten sonata batzuk garuneko toki espezifikoak martxan jartzeko gai direla. Ez hori bakarrik, alzheimerraren efektuak ekiditeko edo arintzeko balio omen dute, esnatzen dituzten zona horietan garatzen baita gaixotasuna. Datu horiek nahiko txundituta eta hunkituta utzi ninduten; izan ere, familiako txori kantaria ni naizen arren, beste txori handiago batek sartu ninduen munduan, eta azkenaldian txoritxo horrek ez du gehiegi kantatzen.

Esan genezake txoritxo askok burutik alde egin diotela eta oso kostata bueltatzen direla. Ez dakit balioko ote duen edo ez, eta ez naiz hasiko bafleetan Mozarten opera guztiak a tope jartzen. Baina, badaezpada, eta kontuan hartuta galtzen den azken memoria musikala dela, nik Mozarten sonatak jartzen jarraituko dut, ea txoritxoa bueltatu eta nirekin kantuan hasten den. Bitartean, nire txoriak gogoratuko dira bion partez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak