Oraingoan, ordea, adimenak beste zerbait aholkatzen du. Osasun krisiak agerian utzi du globalizazioaren alderik txarrena: merkatuaren hegemonia ankerra eta garapen eredu eutsiezina, planetari egiten diogun kaltea, hurbilekoa suntsitzearen arriskua... Senak dio garapen bidea justu kontrakoa dela; alegia, lurraldeak eta haien gaineko komunitateak trinkotzea, hurbilean eta lankidetzan elkarri bizitza duina bermatzeko. Eta horretarako zutabeak dira zerbitzu publikoak –osasuna, hezkuntza...– eta berdintasun politikak –oinarrizko diru sarrerak, genero eta hizkuntza berdintasuna…–.
Ez da teknokraziaren garaia, eta merkatuaren hegemonia apaldu beharra dago. Adimen kolektiboak erantzun komunitarioak eskatzen ditu; indartzen gaituzten politikak indartzea, murriztu ordez.