Kale neurketarena metodo atipiko bat da, ezohikoa. Argazkia beti antzera eginda, balio lezake argazki arteko bilakaera antzemateko. Balioa irabazten du, ordea, inkesta estatistikoekin gurutzatuta. Are gehiago irabaziko luke erabileraren neurketa sistema oso bat garatuko balitz, biziberritze prozesuaren beste adierazleekin bateratuta.
Duela bost urte kale erabilerari sabaiak ikusi zitzaizkion, eta oraingo neurketak sabai horiek berretsi egin ditu. Badira datu onak –gazteen eta emakumeen lidergoa–, baina baita arriskua adierazten dutenak.
Lanean ari gara, baina, are gogorrago bost urtetik hona; lanean, gauzak ezberdin egiteko, eraginkortasun bila; lanean, hiztunak aktibatzeko eta euskararen baldintza sozialak hobetzeko. Elkarrekin ari gara lanean, bateko eta bestekoak, indarrak metatuta ahal handiagoa izango dugulakoan. Elkarrekin bide berrien bila, bost urte barru joera alda dezakegula sinetsita. Gogotsu eta bizi, inertzia aurka daukanak lana baitu eguneroko afana.