Igo da euskararen mapan periferiaren aktibazioa, mapa hori gero eta osatuago dago. Igo da, eta nabarmen igo, hizkuntzaren beraren adierazkortasuna komunikazioaren erregistro guztietan ondo funtzionatzeko. Azkenik, igo da erakunde, eragile, alderdi eta dinamika ezberdinen arteko harremanen tenperatura; aspaldiko gozoena da gaur.
Jaitsi da euskararik gabe bizi direnen kopurua, eta haietako batzuen erosotasun maila; jaitsi dira euskararekin eszeptiko zirenen zalantzak eta erritmo azkarragoa nahi zutenen espektatibak. Jaitsi da, pila bat, euskararekin liskarrean jarduteko joera, bestearen ukazioa, hizkuntzarena folklore hutsean kokatzeak izan ohi duen onarpena.
Inbertitu behar da etorkizuneko produktuetan: zoru komuna, diskurtso berritua, ulermen unibertsala, lankidetza egonkorra, berrikuntza etengabea… Inbertitu behar da anbiziotan, euskararen mozkinak askoz handiagoak izan daitezen. Eta inbertitu behar da akordio sozial eta politiko indartsu batean.