Baina badakit berrituta datorrela eta konfiantza badut hobetuta ere etorriko dela. Goienak erakutsia du dagoeneko ez dela luzaro konformatzen ondo egindako lanarekin.
Garrantzitsua da jarrera hori. Nabarmena da euskararen biziberritze prozesuan zailtasunak gainditzea lortu denean sarri erosotasunean hartu dela babes. Ulergarria da soldatak ordaintzea bihurtu izana betebehar nagusi. Gizatiarra da tarteka arnas hartu nahi izatea beti metro erdiko mingainaz jardun gabe.
Baina erosotasunean ez dago irabazi handirik, eragina apaldu egiten da etengabeko mudantzan dabilenaren ondoan, herritar kontsumitzaileak antzematen du non dagoen indarra, non ekimena eta berrikuntza. Horregatik behar da euskarazko produktu eta ekimenetan berritzeko ardura, aldiro hobetzeko grina, hartzaileekiko hurbiltasuna.
Euskalgintza gogotsu dabil eraldaketaren nolakoen bila. Erosotasuna gaindituta, berreskuratu nahi du iraganean izandako modernotasuna eta aitzindaritza soziala, euskararen mesedetan. Eta bistan da, bilaketa horretan Goiena aurrean doa.