Bi hilabetez 158 udalek eta ia 300.000 pertsonak aldeko edo aurkako bozka emango diote egitasmoari. Udalen erdia eta biztanleen erdia, bi mugak gainditu behar ditu emaitzak. Iaz egin zen entsegu bat eta aisa lortu ziren bi gehiengoak. Aurtengo bozketa erabakigarria bide beretik abiatu da, eta ustekabe handia litzateke azken erabakia ezetza izatea.
Beraz, bi hilabete barru egon daiteke erabakia hartuta eta 2017aren hasierarekin sortuko litzateke elkargo berria. Lehen aldiz historia modernoan iparraldeko euskaldunak eta euskal herriak egitura politiko bakarrean bilduko dira. Eta hau oso albiste ona da, besteak beste, euskararentzat.
Izan ere, egitura berria izango da hegoaldeko herri erakundeen pareko solaskide bat, hizkuntza politikan eskumenak izango dituena eta diru baliabideak ere bai. Honenbestez, ipar-hego lankidetza egonkorrak gauzatu ahalko dira euskararen sustapenerako, eta baita mugaz gaindiko hiztun komunitatea sendotzeko estrategiak.
Nafarroan ere aldaketa hasia denez, eskura daukagu euskararen lurralde osoa lankidetzan jartzeko aukera.