Gasteiz inguruan bizi dira, lanak erakarrita. Herrian nagusiki adreilua ekoizten zen eta eraikuntza hondoratu denean herri erdia langabe geratu da. Haiek garraioaren esparruan egiten zuten lan eta garraiatzekorik ezean gurera etorri dira.
Oso hitz onak ibili dituzte Euskal Herriaz. Jarduera ekonomikoari hobeto eutsi zaio, esportatu egiten da –beraz, badago zer garraiatu– eta egindako lana ordaindu ere bai. Horrez gain, paisaia berdeak nahiago dituzte jaioterriko elkorrak baino eta, alaba eskolaratzeko adinean dutenez, oso litekeena da laster hartzea inguruotan kokatzeko erabakia. Eta esaldi argigarria: "Gure neskatilak ikas dezala euskara, horrek lanerako aukerak emango dizkio eta". Horrela, natural esanda, zalapartarik barik. Eta gogoratu dut duela 50 urteko etorkin uholdea, euskal eskolak debekatuta, agintariak etorkinak zirikatzen euskararen aurka, hedabideak horretan lagun... Eta etorkin zapalduak euskara zapaltzen. Alde ona.
Hori bai, hurrena azaldu behar diot lagun andaluziarrari alabarentzat nahi duen hori berarentzat ere ez dela izango kalte.