Aldiz, sinetsita nago denok daukagula aukera gauza onak eta txarrak egiteko. Eta bakoitzak landu dituen balioen arabera ateratzen dugula egoera baten aurrean gure onena edo txarrena.
Eta, pertsonekin bezala, uste hau daukat gizarteekiko ere, alegia, kultura kolektiboak eta egoeraren nolakoak ateratzen dutela gizarte baten handitasuna edo miseria.
Azken boladan zaborraren kudeaketa bihurtu da gure miseriaren adierazle. Gai teknikoa da, teknikoki erraz samar konpontzeko modukoa, nahiz egia den gizarte eredu ezberdina dagoela soluzio bakoitzaren atzean. Eta hor beharrezkoa zen ereduen gaineko eztabaida zentzuzkoa, jasangarritasuna bilatzea kostu ekonomiko eta sozialen artean.
Baina alderdikeriak gaiztotu du gaia, marra gorriak gainditzeraino. Berez teknikoa den gaia bihurtu da hil ala bizikoa, alde bakoitzak aldarrikatzen du arrazoi osoa eta ustez zilegi zaio bestearen gainetik berea jartzea, kosta ahala kosta. Kultura kolektibo eskasa daukagu gaiak adosteko eta alderdien jokoak gure gizartearen alderik txarrena bistaratu du.