Gorputz Hezkuntza, pandemia garaian

Erabiltzailearen aurpegia Mirian Urzelai 2021ko mar. 6a, 00:00

Pandemiak ekarri dizkigu debeku ugari, baina irakasleok egon gara eta gaude prest ikasleekin eta familiekin aurre egiteko elkarlanean erronka berri honi, nahiz egun gutxi batzuk egon eskolara joan barik, martxan hasi ginenetik, bermatu egin dugu gizarteak hain beharrezkoa duen kontziliazio hori.

Agintariek eta espezialistek justifikatutako arrazoinamenduz hartu dute erabaki zentzudun, egoki eta zuzena. Maskaraz, eta beste erritmo eta intentsitate batez, baina mugimenduan Gorputz Hezkuntzako saioetan parte hartzearena, garapen integral baterako bidean, ikasleen oinarrizko eskubideak bermatzearena, alegia. Azken ikerketek ziurtatzen digute –horien artean, Mayo Clinic Proceedings-en publikatutakoak– egoera fisiko onean edota oso onean dauden pertsonek SARS-CoV2-a hartuz gero, beraien ospitaleratze aukerak erdira murrizten direla. Argi utziz, beraz, jarduera fisiko erregularra egiteak, dieta orekatu eta atseden egokiekin, noski, gure defentsa-sistema indartzen duela.

Ikasleek inoiz baino behar handiagoa dute goiz erdia baino gehiago eserita pasatzen duten aulki horretatik jaiki eta euren gorputzarekin bat adimena mugimenduan jartzeko, euren nortasuna gizakiontzat hain garrantzitsuak diren sozializazio bizipen ezberdinez aberasteko.

Eman diezaiegun garrantzia kalitatezko bizitza bete eta osasuntsua izateko eskolak eskaintzen dizkigun bitartekoei, eta irakasgai bat bera ere ez gutxietsi… handik eta hemendik, motibazioz ikasten baitugu guztietatik. Haurren eta nerabeen sedentarismoak ekarriko digun etorkizuneko osasun sistema kolapsatua eragozteko denboraz gaude oraindik.

Ikasturte hau benetan gogorra eta deserosoa egiten ari zaie ikasleei, eta biziki konbentzituta esan dezaket aurten Gorputz Hezkuntzako saioetan bizi eta ikasitakoak ekarriko dizkien onurak inoiz baino beharrezkoagoak dituztela haurrek eta nerabeek. Gure saioetan euren irribarre ezkutuek hala diote.

Beraz, sedentarismora garamatzaten ordenagailu, mugikor eta tabletak horrenbeste begiratzeari utzi, eta hartu zuentzat osasuntsua eta kalitatezkoa izango den mugimendurako tarte hori.

----------

Mirian Urzelai

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua eta Bigarren Hezkuntzan Gorputz Hezkuntzako irakaslea

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak