Bista altxatu eta plazako izkina batean beste emakume bati erreparatzen diot; hau euskalduna dela esango nuke… eta, ni bezala, bakarrik dago. Interesgarria dirudien liburu batean murgilduta sumatzen dut…abenturazko edo amodiozko istorio batek harrapatua. Honek ere interesa pizten dit, baina ez naiz gerturatzen…hiriko dinamika ei da hori, bakoitza berean.
Hiriguneko anonimatua utzi eta herrira itzultzean, betiko tabernan betiko lagunekin elkartzen naiz. Hemen taldearen segurtasuna sentitzen dut, ezagunak zaizkit espazio eta pertsonak, ez nago bakarrik, ez gaude bakarrik. Honek plazera besteko menpekotasuna sorrarazten dit; izan ere, sistema sozial honi esker bilakatzen naiz. Baina zer egin betikoa ez denean betirako? Gai al gara milaka aldiz gurutzatu dugun ezagunaren artean edota ehunka aldiz agurtu dugun lagunaren artean sortutako horma apurtzeko? Ba al dugu nahikoa segurtasun eta naturaltasun horretarako?
Ezagun nahiz ezezagunen artean bakarrik sentitzea apurtu eta integraziorako espazioak sortu behar ditugula uste dut nik.
Plaza zeharkatu duzun emakume saharar horri, izkinan zauden emakume euskaldun horri, edota urteetan tabernan ondoko mahaian egon zaren horri, animatzen al zara mendira etortzen nirekin?
----------
Miren Iraeta
Bergara