Langile-politika –bazkide berriak egitea– hedatzeko proiektuei lotuta egon da, hala nola Brandt erosteari, Poloniako hedapenari… eta horiek kooperatibaren zuzendaritzak proposatu, babestu eta erabaki ditu, MCCren abalarekin. Hedapen-politika horiek sekulako porrota izan dira.
Bitxia da, benetan, azterlana EHUk egin izana, FED hondoratu eta ia sei urtera. Bitxia, kontuan harturik Mondragonek MU duela kide, eta horrek ezin hobeto ezagutzen duela kooperatiben funtzionamendua eta bitartekoak, eta Lanki Kooperatibismoaren Ikertegia duela…
Bazkide berriak hautatzeko, Fagor taldearen –Copreciren, Ederlanen, Electronica Arrasateren…– araudia hartzen zen aintzat, eta bazkideen seme-alabak lehenesten ziren, hein batean. Fagor taldearen Kontseilu Nagusia arduratzen zen bazkide berriak onartu eta kooperatibetan banatzeaz. Ez dugu uste araudi hori izan denik FEDen gainbehera ekarri duena.
Azterlanak dioenez, absentismo-indizea – gazteena, batez ere– handia zen FEDen; baina taldeko gainerako kooperatibetan baino apur bat handiagoa baino ez zen.
FED hondoratzeak zalantza ugari sortzen ditu, langilepolitikaz harago. Zalantza garrantzitsuagoak eta sakonagoak. Kooperatibako zuzendarien hutsegite taktiko eta estrategikoen ondorioz hondoratu zen FED.
MCCk, FEDeko zuzendaritzarekin batera, arduragabetasun handiz jokatu zuen, eta arazo ugari sortu zituen –oraindik orain, noiz konponduko gaude–. Erortzen utzi zion kooperatibari. Horren aurrean, FEDeko 1.000 inguru bazkide ohik, Ordaindu eta Eskuratu taldeetan elkarturik, epaitegietara jo behar izan dugu, kooperatibari laga genizkion 50 milioi inguru euro erreklamatzeko.
Ondo legoke MCCk bere baliabideak –MU?– erabiltzea, zuzendaritzak egin zituen hanka-sartze estrategikoak eta horiek ekarritako ondorioak sakonki aztertzeko. Errua bazkide xeheari botatzea erraza da beti… baina ez du inork sinesten.
----------
Asun Gonzalez eta Mikel Olabe
Ordainduko zuzendaritzaren izenean
Arrasate