"Atez ate Katalunian"

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Lizarralde 2013ko mar. 15a, 01:00

Otsailaren 28an Kataluniako Taradell herriko alkateak, Lluis Verdaguer-ek...

... hitzaldi oso interesgarria eskaini zuen Bergaran. Kataluniako atez atekoaren esperientziari buruzko xehetasunak kontatu zituen. 

Egun, 110 herri inguru ari dira hondakinak AA jasotzen Katalunian. Kasualitatez, haiek ere erraustegi baten mehatxuak mugiarazi zituen, eta, konponbide bila hasita, AAkoaren ideia Italiatik hartu zuten. Orain erraustegia almazen moduan erabiltzen dute.

Lluis Verdaguer CIUkoa da eta ERCren onespenarekin ezarri zuen sistema berria. Munduan adibide mordoa egon arren, batzuen hitzak entzunda, AAkoa Bilduren asmakeria bat dela dirudi. Hitzaldira hurbildu ginenok argi eta garbi ikusi ahal izan genuen hori ez dela horrela.

AAkoa jartzen lehena Tona herria izan zen (8.000 biztanle) eta haien emaitza onak ikusita erabaki zuten Taradell-en berdina egitea (6.200 biztanle). Vic herrian ere AA biltzea aztertzen ari omen dira (40.000 biztanle).
Lehen gaika %25 bakarrik biltzen zuten eta AAkoarekin %80 gainditu dute. Primerako organikoa batzen dute, eta inpropioak batez beste %1,5 bakarrik dira.
Astean hirutan ateratzen dute organikoa, behin errefusa, eta pixoihalak egunero atera ditzakete.

Gaizki egiten duenari pegatina bat jartzen diote, eta, bere horretan jarraituz gero, arazoa zein den argitzeko teknikari bat bidaltzen dute. 

Pedagogiaren aldeko agertu zen eta umeei eta gazteei ongi erakusteari garrantzia eman zion.

AAkoak lanpostuak sortu zituen eta horrekin bereziki harro azaldu zen. Gainera, Udalari, aurrez zutena baino merkeago ateratzen zaio AAkoa, eta, azken urteetan tasak mantenduta, dirua galtzetik irabaztera pasa dira. Hori frogatzeko aurreko urteetako datuak erakutsi zituen. Haientzat merkeagoa da AA biltzea. Eta diru kontuetan broma gutxi katalanekin! 

Gipuzkoan AAkoaren aurka errepikatzen dizkiguten leloei buruz galdetuta, arrainarekin ez dutela arazorik, herritarrarentzat erosoa dela eta arratoiak egotekotan lurpeko edukiontzietan egoten direla erantzun zuen, besteak beste. Ez zaie lehengora bueltatzea burutik pasatzen. Inondik inora.

Taradellen ez zen parte-hartze prozesurik egon, ezta inposaketa salatu zuenik ere. Gainerako alderdiek ez zuten gaia CIUri egurra emateko erabili. 

Katalanek AAkoa aparteko zailtasunik eta iskanbilarik gabe egiten badute, guk zergatik ez?

--------------------

Mireia Lizarralde eta Ibai Larrañaga

(Bergara Zero Zabor eta Elgeta Zero Zabor taldeen izenean)

Bergara eta Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak