Horretarako, ariketa bat egitea besterik ez dago. Zein izan da Euskal Herrian albiste sonatuena kulturari dagokionez aurten? Zein izan da komunikabideen arreta ez ezik, zaleena ere piztu duen gertakaria? Zalantza gutxi izango da Berri Txarrak-en agurrak markatu duela kultur agenda. Orain dela urtebete iragarri zuten agurra, eta urte osoa izan dugu despeditzeko. Edo, hobeto esanda, urte osoan despeditu dugu taldea. Milaka eta milaka lagunek. (Kultur) Bizitza horretara mugatuko balitz bezala.
Kultur jarduera, bazterreko lana
Posible litzateke 2020an halako fenomenorik gertatzea? Artista batek agur esatea eta milaka lagunek erantzutea? Zaila, ezinezkoa ez esateagatik. Sortzaileek segituko dute lanak sortzen, erakusten, aurkezten, baina harrigarria litzateke haietako batek berak ere sorraraztea Berri Txarrak-ek piztu duen harrabotsaren laurdena ere.
Bestelakoa, oso ezberdina, delako haien egoera, sortzaileei beraiei kasu eginez gero. Eta egoera asko aldatzen ez bada, ezberdina izaten segituko duelako 2020an ere. Gehien-gehienentzat kultur jarduerak jarraituko du izaten bazterreko lana; ez nagusia. Gustuz, gogoz eta mimoz egiten dena, baina bizitzeko –hau da, hipoteka ordaintzeko edo mahaira jatekoa eramateko– biderik ematen ez duena. Eta kulturaz bizi diren gehientsuenek ere nekez egingo diote ihes prekarietateari.
Gurpila ez da gelditzen
Bai, kulturak segituko du bere martxa. Ekitaldi ugari izango dira han eta hemen. Joango gara horietara –askoz gehiago ebento handietara–, izango dira diskoak, liburuak, antzezlanak, arte erakusketak, bertso saioak... Gurpila ez delako gelditzen, eta, zorionez, eskaintza gero eta askotarikoagoa delako.
Ikusteko izango da, ordea, gaur-gaurko eskaintza zabal horrek bere publikoa bilatzen eta aurkitzen duen, eta, igarotako garaien nostalgia ariketek egiten duten bezala, ikusle-entzule-irakurleen arreta pizten duten. Kultur sistema (nahiko) osasuntsu baten sintoma litzateke.