Hala, klima aldaketaren eta beroketa globalaren atzean gizakia dagoela onartuko dugu askok, eta arazoari irtenbidea ematearen beharra dagoela. Pairatu dugun bero zaparekin, baina, aire girotua piztuko dugu lanean, hotelean edo –gero eta gehiagok– etxean, kontsigna jendaurrean onartuko genukeena baino gradu pare batzuk hotzago jarrita. Hori entzun dut.
Antzera ustelkeriarekin edo diru-publikoaren erabilera txarrekin. Ustelduak –eta usteltzaileak– gaitzetsiko ditugu politikarien enegarren eroskeria kasuaren aurrean, baina BEZik gabe edo beharrezko baimena eskatzeke egingo dugu etxeko konponketa hau edo hura. Hala esaten dute!
Ausartuko nintzake esatera orokorrean korporazio handiek gure datuak musu-truk erabiltzearen kontra ere bagaudela, baina hor doaz gure –edo gure seme-alaben– datuak, argazkiak eta dokumentuak doako biltegiratzeko zerbitzuekin batera edo adimen artifizialarekin gure egunerokoez txateatzen dugunean. Bueno, hau nik ere egiten dudala konfesa nezake.
Noizbehinka dugun moral bikoitz hori ingurukoekiko dugun pertzepzioarekin lotzen dela diote batzuek: "Besteek berdina" egiten dutela uste badugu, guk ere kontraesanean erortzeko aukera gehiago omen. Indibidualistago bihurtzen ari garen garai hauetan, bada arriskurik bestea urrunago, hots, bekatariago antzemateko. Eta haiekin batera gu ere infernura.
Besteekiko konfiantza irabazteko ariketa horretan, gustatu zait duela gutxi etxean ikusi dugun Win or Lose telesaila, gure bakarrizketan aldamenekoari zer ezkutatzen diogun erakutsi eta pentsarazten duen Pixar-Disneyren azkena. Haurrentzat –6 urtetik gorakoendako– aproposa, guztiz alaia eta amaiera zoriontsuduna ez bada ere. Eta bai, Disney atzetik bada ere. Konfiantza egin.