Bueno, egiten saiatzekoa; izan ere, ez nekien Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian horrenbeste udalerri zeudenik, ezta udalerri haietako auzoguneen izenak euskaldun arruntaren hiztegian behar zutenik. Aldi berean, ikasi dut behorrei agia datorkienean arreske-an daudela edo pertsona egoskorra setatia ere badela, hein handi batean.
Deigarria egiten zait karratu hutsen gainetik lehen pasada egitean zeinen hitz gutxi betetzeko gai naizen, baina, batez ere, bigarren ekinean zeinen baliagarriak diren aurrez betetako hizki bakan horiek. Metafora ona iruditzen zait inteligentzia partekatua irudikatzeko; nola adimentsuago garen talde bezala aldamenekoak emandako pista txikiei esker.
Horrez gain, Berria-ko hitz gurutzatuek egilearen sinadurarik ez dutela igarri dut. Bi aukera uzten dizkigu horrek: bat, egilea lotsatuta dago denbora-pasa koadratzeko erabili behar izaten dituen komodinez, hau da, zeinen sarri enkajatzen dituen Gipuzkoako udalerria, Urola Kostan [hiru hizki] (Aia) edo euskal gentilizio aski erraz konputagarriak; edo, bi, hitz gurutzatu horiek automatikoki konputatzen dira, aurrez prestatutako definizio-erantzun sorta lagun.
Bilaketa bizkor batean, hainbat gurutzegrama-sortzaile aurkitu ditut; asko, adimen artifiziala erabilita dabiltzanak. Matrix pelikula etorri zait orduan gogora, eta nola robot kuadrilla batek gizateria gezurretako mundu batean entretenituta mantentzen zuen. Denbora-pasa modernoei esker bagara adimen artifizialaren aginduetara zonbi gabiltzan gizaki batzuk.
Harluxet hiztegiak adimena arazo bati konponbidea aurkitzeko ahalmena legez definitzen badu ere, beti pentsa izan dut –olgetan-benetan– adimena etorkizunera bidaiatu eta erantzun egokia ikusteko gaitasuna dela. Nor dabil denboran bidaian edo nor denbora-pasa? [bi hizki].