Apurtu egin omen da Twitter –batzuontzat beti izango delako Twitter–. Gorrotoa eta toxikotasuna, fake news-ak eta algoritmoaren neutraltasunik eza, norbere arretaren gainkarga; markatu zure arrazioa ixa batekin. Olatua bezala apurtu da eta utzi du erresakarik. Norbanako batzuk maitemindu egin ginen Txiokinaz duela hamarkada eta erdi: lagun onak egin genituen, karaktereen muga hitz-jokoekin gainditu eta nekatu egin ginen aspaldi, guztia lokaztu zenean. Hedabide zenbaitzuek zerbitzua utzi dute duela gutxi, neutralago edo etikoago diren beste sare batzuei ekiteko, esan Mastodon, Bluesky edo Threads. Twitter puskatu egin da, beraz, eta emango die izanaren zati bat oinordekoei, pusketa bakoitzari, berak hainbat ideia TXTmob zerbitzu ekintzaileari hartu –lapurtu?– bezala.
Osatzea, ordea, osotzea omen da, osora itzultzea.
Tratamendu ororen lehen pausoa eria onartzea da. Herriko plaza digitala deitzen genuen hori fisikoaren isla hutsa ez, baina bada nolabaiteko oihartzuna. Apurtu, puskatu edo osoa ez den beste zerbaitena. Sare sozialek badute agenda publikoa markatzeko boterea, ideiak bizkorrago zabaltzekoa, baita txikiagotik edo ahulagotik ere. Gauza publikoaren funtzionamenduan horrelako eragina duen zerbaiten gobernantza esku pribatuetan uztea akatsa dela uste du. Gogoko dut, adibidez, Mastodon.eus eta bere gobernantza, baina animatzen ditut udal, mankomunitate edo –zergatik ez– Jaurlaritza gorago apuntatzera, osoago, azpiegitura anitz-hausnartzaileago bat muntatzera.
Duela gutxi jakin dut izorratzea haurdun uztea esateko erabiltzen zela eta zor erroaren etimologia ilun samar batek bizenbakiarekin lotzen duela –bider bi–; ez da harritzekoa, orduan, amak umea ematean erditzea –zati bi–.
Izorratu da Twitter; ea kumeek ez duten gaitza jasotzen.