Horrela aurkeztu zen Gaitu kanpaina Donostian, eta horretan ibili ginen hainbat herritar Bergaran, Udalaren eta Jardunen deialdiari erantzunez.
Datuetatik ikasten dute makinek, adibideetatik. Entzuten irakatsi nahi badiegu, testuak eta testu horien irakurketa-audio anitzak behar ditugu. Ehunetik gora izango ginen Seminarixora gure ahotsa eraman, audio batzuk berrikusi edo laguntzera joan ginenak.
Baina hori guztia zertarako?
Nonahi aurkitzen ditugun ahots-morroiak –Siri, Alexa– eta ChatGPT –historian arrakasta zabal eta bizkorrena izan duen erreminta– hizkuntza teknologiek irabazi duten zentralitatearen adibide dira. Beraz, nabarmena da makinekin hartu-emana izateko gaitasuna ez duten hizkuntzak adimen artifizialaren iraultza horretatik kanpo gelditzeko arriskua.
Gaituren erantzuna herritarra izan da, eta Mozilla fundazioaren Common Voice proiektua baliatuta software librean oinarritua. Lortuko dugun testu-audio datu basea, beraz, librea izango da, ostean edonork bere gainean erremintak sortu ditzan. Idazten ari naizen honetan, 17.000 esaldi eta 9.000 hiztun baino gehiagoren ia 600 orduko audio-bankua osatu dugu.
Zibergarako kide batek esan zidan bezala, aipatzekoa da aurtengo Euskararen Eguneko euskalgintzaren ekimen nagusia teknologikoa izan dela, historian lehendabizikoz; datorrenaren erakusle txikia. Teknologia horietan bulkada eta estrategia jartzeko beste urrats bat, herritarrak eta software librea lagun.
Bergarari dagokionez, zorionak Udalari eta Jarduni horren ondo antolatutako goiz ederragatik. Ezin hobeto uztartu genuen ekimen teknologikoa eta hizketaldiaren ondoren ondo irabazitako txorizo-muturra. Denboraz zabiltza oraindik: gaitu.eus!