Ondo ezagutzea sare neuronalen azken lorpenak: irudiak ezagutu eta sortzen dituztela; testuak ulertu, itzuli edo idatzi ditzaketela; kodea programatu edo programatzen laguntzen dutela; eta abar. Izan ere, guk gizaki bezala egiteko gaitasun esklusiboa geneukan gauza geroz eta gehiago egiten ditu AI edo Artificial Intelligence delakoak. Edonola ere, egunean izatea ez da nahikoa. Mende honetako 20ko hamarkadako nor errespetatuak adimen sintetiko hauek erabili behar ditu eta bere produktibitatea hurrengo maila batera eraman, nola lanean, hala etxean. Zelako nagia, ezta?
Ez erratu, ez naiz teknologiaren aurkakoa. Borrokatu nintzen etxeko ordenagailuan Linux-eko driver-ak konpilatzen. Harroegi ez banago ere, lagundu nuen Facebook, Twitter eta tankerako erremintak euskaratzen. Sortu dut webgune, blog eta sare sozial malapartaturen bat. Baina zer esango dizut, adimen artifizialaren gai honekin nagiak eman dit.
Agian, hobeto ulertzen dut, zerbait esatearren, blog, Linux edo ordenagailuen inguruan nagikeria sentitzen zuen hura. Gauza da nagi horrek arrakala sortzen duela, zein dagoen on eta zein dagoen off. Edo okerrago, zeinek aprobetxatzen duen teknologia hobetzeko, aurrera egiteko edo dirua irabazteko eta zeinek bideo laburren kate amaigabean orduak alferrik galtzeko.
Makinak guk egiten duguna ikasten dabiltza, eta gu makina itxura handiagoa hartzen gabiltza, hurrengo bideoa noiz erreproduzituko den atzera kontuaren zain, piztu eta itzaltzeko botoiarekin. Adimenez eta natural etorkizuna eraikitzeko, adituen eta ez-adituen arteko arrakala txikiagoa behar dugu: teknologiaren eta ezagutza partekatzearen nagiak kendu. Batzuk on eta beste batzuk off baino gehiago, denok erdi-entxufatuta egoteko, elkarrekin.