Gainera, aukera hori Interneteko erreminta ezberdinetan txertatzen dabil: Youtuben eta Chrome nabigatzailean, besteak beste.
Euskarazko hedabideetatik galdera: zer egin honen aurrean eta, erabiltzekotan, nola erabili teknologia hau euskararen ezagutza, erabilera edo irakurzaletasuna sustatzeko?
Euskarara erdal testu eta edukiak ekartzeko pega gutxi... baina eta alderantziz? Zer egin beharko lukete Berria-k, Argia-k edo Goiena-k beraien euskarazko testuekin?
Alde batetik, itzultzailearen kontrola dago, euskaratik itzultzean egoki ikusitako moduetan edo baldintzekin egiteko, eta ez korporazio handien interesen mende. Bestetik, euskarazko edukia aberastu eta zerbait automatikoan itzuliz gero helburu argi batekin egin: irakurlea euskarara edo euskal mundura erakartzea. Teknologiak eman ditzake itzulpen bereziagoak itzulpen literalaz haratago: erdarazko anotazioak jarri euskarazko testuari edo itzulpen partzialak egin –laburpenak, hitz edo aditz batzuk bakarrik itzuli–. Ideia honekin lotuta, eta etorkinei begira, erreminta bat izan daiteke euskara edo euskal mundua integrazioaren ardatz bilakatzeko.
Zerbait egiteko unea dena, ziur, baina nola? galderari erantzuteko ziurtasun baino zalantza gehiago. Hedabideetatik bakarrik baino gehiago, teknologia honekiko erantzun integralago batek ere lagundu dezake bidea argitzen: lan mundua, euskaltegiak, administrazioak, ikus-entzunezko edukiak...
Makinatxoak jarriko ditugu elkarren belarrira xuxurla eta ondo pentsatu beharko dugu hauei esan beharrekoa, telefono-jolasean bezala bidean mezua gal ez dadin.