Hamarkada luzeetan zehar disidentzia politikoa zigortzeko estrategiak eman dizkien etekinengatik edo, azken asteotan terrorismoa akusazio gisa berreskuratu duten epaileek zeresana eman dute.
Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak, esaterako, terrorismoa ikusi du 2019an Kataluniako Procesaren bueltan izan ziren protestetan. Terrorismoa "ikusi"-edo, egun haietan Bartzelonako El Prat aireportuan izandako istiluetan gizonezko bat bihotzekoak jota hil izana aipatu baitu magistratuak froga nagusitzat.
Epaile horren imajinazioak, baina, bere helburua bete du, terrorismoa eztabaida politikoaren erdigunean jarri baitu, PPk bere neurrira egindako kontakizuna lortuta. "Katalunian gertatutakoa terrore hutsa izan zen", bota du Feijook, independentismoaren kontra guztiak balio dezakeela irudikatzeko.
Euskal Herrian ezagunak zaizkigu trikimailu horiek. 18/98 edo Egunkaria kasuetan bezala, denborak akusazio horien faltsukeria erakutsiko du, bai, baina ordurako berandu izango da, mugimendu politiko-juridiko-mediatikoek eztabaida publikoa haien eskuetan izango dutelako. Eragindako mina, baina, beste kontu bat izango da.