Hegazkinean, ondoko emakumearekin berbetan, Madrilera lanera ote nindoan galdetu zidan. Nik baietz, aspalditik nagoela han kazetari lanetan, eta hark erantzun noizbehinka egiten dituela joan-etorriak hiriburuko unibertsitate baten klaseak emateko.
Hegazkinak turbulentziak zeharkatzen zituen artean, Euskal Herriari buruz hizketan hasi ginen. Madrilera zihoan irakasleak euskal gizartea erakunde eta alderdiek "gidatuta" ikusten zuen, autokritika eta ausardiatik urruti. Nik ere antzeko ikuspegia nuela esan nion, gero eta txikiago egiten ari garela, beti gure zilborrera begira, munduan gertatzen direnei entzungor, gure oasian isolatuta.
Bada, azkenaldian gertatutakoek nire bi bizitokietako egunerokoaz zer pentsa eman didate. Osakidetzan izandakoek –Donostiako ESIan ez ezik, gure bailarako anestesisten patua ere gogoratu beharko genuke– eta De Miguel kasuaren sententziak txarrean, behintzat, Madril eta Euskal Herria parean gaudela erakusten dute.
Desberdinak? Baliteke, baina ustelkeria eta agintekerian antzekoegiak.