Whatsapp

Egun guztiek dute sorpresaren bat.

Astearte goiza, gosaldu berri, eguneko lehenengo zuzenekoa egin zain, mundua geldi geratu da, bare-bare. Mugikorra lo dago, isilik, ezer jaso gabe. Minutu gutxira hasi da berriz bibratzen, baina ez whatsapp-ak iristen hasi direlako, ez, telegram-ak heldu eta heldu ari direlako baizik. "Whatsapp erori da", dio lankide batek, eta, berehala, lanerako erabili ohi ditugun taldeak Telegramen agertzen hasi dira. Minutu gutxian, aplikazioz aldatuta hori bai, normaltasuna bueltan da.

Whatsappik gabeko minutu gutxi horiek, baina, zer pentsa eman didate: batetik, sentsazioa daukat mundutik kanpo izan naizela momentu batez, bakarrik, inorekin hartu-emanik izan gabe; bestetik, lehen ezinegon horren ostean, bake handia sentitu dut. Horrenbestekoa da Whatsapp erabiltzaile askok sarritan sentitzen dugun antsietatea, berau erorita bizitza berak zentzua gal dezake.

Bada, esajerazio handia izan daiteke esandakoa. Edo ez? Inguruan gero eta gehiago dira mugikorrek eta sare sozialek ezinegon sakona sortzen dietela esaten dutenak. Zenbait ikerketaren arabera, egunean ia bost ordu pasatzen ditugu mugikorrari begira, dela Whatsappez hitz egiteko, Twitterreko azken polemikari adi egoteko edo Instagramen ezagutu berri duzun horren bizitzaren berri izateko. 

Lehen pertsonan hitz egitea tokatzen dela uste dut, zoritxarrez, gaur egun oso gutxi baitira mugikorraren diktaduratik kanpo bizitzeko indarra dutenak. Doala beraientzat nire mirespenik handiena! 

Evgeny Morozov idazle eta ikerlari bielorrusiarrak dio kanpoko estimuluen menpe bizi den pertsona batek bere identitatea galtzen duela, nortasunik gabe geratzeraino. Haren ustetan, Internetek laburtu egin du ekintza baten eta honen erantzunaren arteko denbora, eta horrek eraginak uzten ditu gure burmuinean. Berehalako satisfazio baten beharra dugu, eta, hori iristen ez bada, antsietatea sortzen da.

Begi-bistakoa da beraz, mugikorraren esklabo garela, informazioaren jonki. Eta tendentzia honek okerrera egingo duen susmoa daukat. Ikusiko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak