Ez da erraza, XX. mende hasieratik bizi gabe genuen mundu mailako pandemia baten aurrean nola jokatu daitekeen asmatzea; eta mundu zabaleko gobernuak nahaspila horretan murgilduta daudela dirudi.
Estatuan, badirudi hartu diren erabakiak gaizki eta berandu iritsi direla. Italian bezala, Espainian ere konfinamendu agindua hartu zenerako, birusa oso hedatuta zegoen, kontrolik gabe. Hala ere, eta Txinaren eta Italiaren pausoen atzetik, Pedro Sanchezen Gobernuak neurri zorrotzak hartu ditu jendea etxean mantendu, eta birusaren hedapena geldiarazteko asmoz. Ekonomia jarduera hein handi baten gelditzea ere erabaki du, eta badirudi erabaki hori ere behar zenaren ostean hartu duela, argi baitzegoen Italiaren bide bera jarraitu beharko zuela Espainiak ere. Trakeskeria honen erdian, baina, Londresko Imperial College prestigiodunak esan berri du Espainiako Gobernuak hartutako neurriek 16.000 pertsonaren bizia salbatu dutela estatuan. Bada zerbait.
Sanchezen Gobernuak, behintzat, hartu du norabide bat: neurri zorrotzak hartzea, krisia lehenbailehen pasa eta normaltasunera itzultzeko. Ikusiko dugu ea bide ona aukeratu duen edo ez; horretarako, urteak pasa beharko dira, osasun krisiaren ostean krisi ekonomiko sakona aurreikusten baita.
Azken honi heldu dio Eusko Jaurlaritzak bere sinesgarritasunari eusteko. Espainiako Gobernua koronabirusaren krisira berandu iritsi bada, zer esan genezake Urkulluren Jaurlaritzaren inguruan? EAEko hauteskundeak bertan behera utzi eta konfinamendua neurri eraginkor bezala defendatzeko berandu ibili da, eta COVID-19ak utziko duen krisi ekonomikoari heldu dio osasun krisiari aurre egiteko izan duen abilezia falta ezkutatzeko. Izan ere, Espainiako Gobernuak inposatutako neurrien eraginaren zain, Jaurlaritzak prest du epe ertainerako marko diskurtsiboa: "Konfinamenduan hartutako neurriek kalte egin diote gure ekonomiari, hobe litzateke beste erabaki batzuk hartu izan balira".
Jokaldi aparta da, PNVk ondo baitaki horrelakoetan mugitzen. Lehendakaria kexu azaldu da, gainera, Espainiako Estatuak euskal erakundeengan egin duen esku hartzearekin, baina ahaztu egin du, nonbait, berak defendatzen duen itun estatutarioak aurreikusten duela esku hartze hori. Hau da, fikziotik kanpo, euskal erakundeak Estatuaren parte subsidiario besterik ez da –egunotan ikusi bezala–; finean, benetako autogobernua Espainiako Estatuarena baita, eta ez bertako erakundeena. Dena den, guztiok dakigu Madrilgo Gobernuarekin ustez izan duen haserreak eta krisi ekonomikoaren tamaina aurreikusi zuela astintzeak mesede egingo diola Jaurlaritzako alderdi nagusiari etorkizunean.
Bitartean, guk etxetik jarraituko ditugu politikak koronabirus eta konfinamenduaren garai hauetan uzten dizkigun gorabeherak. Faltan igarriko ditugu gertukoak, aspertu egingo gara, eta neguko hotzetatik udaberriko epeletara pasako gara etxeko balkoitik begira. Pazientzia, eta batez ere, osasuna beharko ditugu datozen astetarako inguruan dugun egoera beltzaren aurrean. Eutsi, irtengo dugu eta!