Debagoieneko abeltzainok ez dugu hau merezi

Debagoieneko Abeltzainen Elkarteak (Degabel) 1986tik 2017ra arte Aretxabaletako Udalaren jabetzako lokal bat erabili du bere eginkizunetarako, eta bertako elektrizitate-gastua Elkarteari ordaintzea zegokion.

Lokal honen inguruan, Udalak erabilera ezberdinetara zuzenduriko beste lokal batzuk ere bazituen. Suposatzen da lokal hauetako elektrizitate gastua Udalaren kargu zihoala.

Degabel, elektrizitate gastuak altuak eta arrazoitu gabeak zirela ikusirik, egiaztapen batzuk egiten hasi zen; horrela konturatu ginen elektrizitatea batere erabili gabe ere, kontsumoa arrunta zen egunetan bezainbestekoa zela gastua.

Hala, elektrizitate-hornidura zegokion enpresak jakin zuen Degabel Elkartearen kontagailuak Udalaren menpeko beste hainbat lokalen kontsumoak ere jasotzen zituela. Honek azalduko luke aipatutako elektrizitate-kontsumo altua.

Gertakizun hau Aretxabaletako Udalari jakinarazi zitzaion eta Elkartearen kontagailua gainontzekoetatik bereizi zen berehala. Era berean, Udalak gehiegizko gastu horien kargu egiteko konpromisoa hartu zuen.

Dena den, hau guztia ez zen hitz soiletatik pasa, Degabelek egin behar izan baitzien aurre gastuen %100i.

Udalak onartu du berak egin behar diela aurre gastu hauei, Eusko Jaurlaritzara bidalitako zenbait idatzitan ikus daitekeen moduan. Degabel Elkartean ahal bezala bizirauten dugu bazkideen kuotei esker; ez dago irabazirik ez soberakinik, eta Aretxabaletako Udaletik kalte handia eragin zaigu, ez bakarrik bere hitza ez betetzeagatik, baita gure erreklamazioei jaramonik ez egiteagatik ere. Merezi al dugu Debagoieneko abeltzainok horrelako traturik?

Ez dugunez inolako erantzunik jaso oraindik, beste bitarteko batzuk erabili behar izan ditugu gertaturikoa salatzeko; publikazio hauxe, esaterako. Aretxabaletako Udalaren aldetik erantzunik jasoko bagenu ere, esango genuke, noski.

----------

Miguel Angel Urrutia Urteaga

Degabel Elkarteko lehendakaria

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak