Ikasturte berrian goi mailako zikloko tituludunek aukera izango dute espezializazio ikastaroa egiteko. Horrek aukera emango die gertuko enpresetan datuetan eta adimen artifizialean oinarritutako prozesuak ezarri edo integratzeko, eta baita enpresen eraldaketa digitalerako erreferentzia izateko ere. Espezializazio ikastaro berri horrez gain, Fabrikazio Adimenduna eta Forjaketa Prozesuen Diseinua eta Ekoizpena ikastaroak eskainiko dira; biak ala biak enpresen beharretan oinarrituta eta kurtso bakarreko iraupenarekin.
Arlo teknikotik haratago, administrazio arloan ere, urte bakarrean egiteko Zuzendaritzari Laguntza goi mailako titulua eskaintzen zaie Administrazioa eta Finantzak goi mailako zikloa dutenei.
Pertsonek markatutako nortasuna
Espezializazioak alde batera utzita, Miguel Altuna Lanbide Heziketak eskainitako prestakuntzen ardatz nagusia pertsonak dira. "Miguel Altuna ikastetxeak pertsonen aldeko apustua egin du, prestakuntza osoa oinarri hartuta. Horregatik, ikaskuntza ez da gaitasun teknikoetan soilik oinarritzen, baizik eta zeharkako ikuspegia ematen du", azaldu du ikastetxeak.
Zeharkako gaitasunak eskuratzeaz gain, teknologia, garapen iraunkorra eta nazioartekotzea dira prestakuntza-zentroari lotutako faktore batzuk. Horren adibide da Miguel Altuna zentroaren lan-ildoa prestakuntza praktikoan oinarritzen dela, eta enpresen zeregina ere oso garrantzitsua dela; arreta eta baliabideak eskaintzen baitizkie bai bere premiei erantzuteko eta baita haiekin batera egiten diren berrikuntza-proiektuei ere.
Gainera, industria mailan punta-puntakoak diren baliabide teknologikoak ditu eta horrek murriztu egiten du ikasleek laneratzean jasan dezaketen arrakala teknologikoa.
Garapen iraunkorraren aldeko apustuari dagokionez, ikastetxeak hartzen dituen erabakiek eta planifikatzen dituen erronka eta jarduerek bat egiten dute filosofiarekin.
Bukatzeko, Miguel Altunak nazioartekotzea defendatzen du –bai ikasle eta irakasleen kasuan– eta horren erakusgarri nazioarteko enpresekin lankidetzan egindako proiektuetan parte hartzea, besteak beste.
Benetako inguruneak, gertu
Industriatik ahalik eta hurbilen –ahalik eta eszenatoki errealenean– ikastea da Miguel Altuna zentroaren abantailetako bat. Horren ondorio dira ekipamendu eta tailer erdi-industrialak, lan-ingurune oso digitalizatuak, Learning Factories bezalako metodologia aktiboak eta zeharkako konpetentzien indartzea. Irakasleak eta ikastetxeko zuzendaritza arduratzen dira eskualdeko benetako beharrak ezagutzeaz eta aldaketa-palanka gisa jarduteaz, prestakuntza egokituz eta bizitzan zehar pertsonen birkualifikazioa bultzatuz (reskilling eta upskilling).
Gaur egun, 300 enpresa baino gehiagok dute konfiantza Miguel Altunarengan, bai prestakuntza Dualean, bai tituludunen lan-poltsan.
Horregatik guztiagatik, gizarteari irekita dagoen zentrotzat hartzen da, eta hainbat forotan parte hartzen du, eskualdekoak, nazionalak zein nazioartekoak. Foro horietan parte hartzen du, eta ikasi egiten du, ikasleei transferitzeko, eta, ondoren, zirkulua ixten du, etorkizuneko erronkei begira aurrera egiteko, oraina ardatz hartuta eta iragana ahaztu gabe.
Komunikazioa eta teknologiak
Miguel Altunan ingurune erabat euskaldunean lan egiten da, nahiz eta ziklo batzuk oraindik formatu elebidunean ematen diren. Eta mundu globalizatuari erantzuteko, ingelesak paper garrantzitsua betetzen du hezkuntza-prozesuan; horregatik, ingelesezko moduluak dituzten zikloak ere eskura daude; eta arratsaldez, errefortzu-eskolak, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat. Frantsesa ere sartzen dute Zuzendaritzari Laguntzeko zikloko 2. mailan.
"Teknologia da abiadura handian aurrera egiten ari diren faktoreetako bat. Bergarako zentroan badakigu hori, eta, beraz, prestakuntza-eskaintza 4.0 industriarekin lotutako kontzeptuetara egokitzeaz gain, teknologia horiek erakundean txertatzen ari dira", azpimarratu dute. Aldaketa horiek agerikoak dira espazio analitiko eta sortzaileetan, espazio exekutiboetan eta baita heziketa-zikloetako tailerretan ere.
Miguel Altunan eskaintzen diren erdi eta goi mailako heziketa zikloen eta espezializazio berritzaileen informazioa jaso nahi izanez gero, 943 89 92 70ra deitu daiteke, info@maltuna.eus helbidera idatzi edo www.maltuna.eus orrian aurkitu daiteke informazio guztia. Bestetik, ateak zabalik jardunaldiak dagoeneko egin direla kontuan hartuta, hitzordu pertsonalizatuak lotzeko aukera ere eskaintzen dute.