Pertsonak, gakoa
Eta erronka ez da edonolakoa. Ingurugiro ingeniaria den Lander Jimenezi irakurri nion tarte honetan bertan, nola larrialdi klimatikoak bizitzak ipintzen dituen arriskuan, biztanleak herri batetik bestera mugitzera behartzen dituen, eta mundu osoko biztanleek Debagoieneko biztanleek bezain besteko isurketak sortuko balituzte, nola lau planeta beharko genituzkeen berotegi efektuko gasen eragina asetzeko. Tarte honetan irakurri nion baita ere Nagore Iñurrategi MUko irakasle eta ikerlariari dis-gaitasuna duten pertsonen aurrean jartzen garenean, pertsona ikustera iristen garenean soilik hasiko garela onarpenerako urratsak egiten, eta begirada aldatzea dela ezinbestekoa, inklusioa egongo bada. Eta garun paralisiaren aurrean, edo osasun mentalak dituzten pertsonen aurrean, edo adimen urritasuna duen pertsona baten aurrean jartzen garenean nor ikusten ote dugun, dis-gaitasuna, edo pertsona. Oñatiko Natur Eskolako kide Aimar Uribesalgok jarri gintuen krisi ekologikoak hartu duen protagonismoaz, berrikuntza sozialaren beharraz eta berdintasunaren, kooperazioaren, komunitatearen garrantziaz, edo zaintzaz gogoeta egiten. Adibide batzuk besterik ez dira, ditugun erronkei erantzunak bilatzeko bidean gako izango diren pertsonek mahai gainean ipini dituztenak. Pertsonok izango baikara, bide horretan gakoa.
Pertsonatik taldera
Adibide batzuk besterik ez dira, dagoeneko klabe horretan aspaldi pentsatzen hasi zen gizarte baten isla direnak; izan ere, ziur nago gure ingurune hurbileko udal, elkarte, industria, hezkuntzako eragile, herri mugimendu eta gehiago jarriak direla erronka sozial askotarikoei erantzunak bilatzeko klabean. Haiek badituzte esku artean halako edo bestelako proiektuak, kezka horretatik abiatuta sortuak. Ekuazioa honela gelditzen zaigu, beraz. Hor daude herritarrak, norbanakoak, eta hor daude herritarrak antolatuta eratzen diren eragile, herri mugimendu, enpresa zein erakunde publikoak. Eta galdera da ea horiek guztiek, bakoitzak bere aldetik eta elkarren arteko lotura barik, izango duten behar adinako indarrik esku artean ditugun erronkei tamainako erantzunak emateko.
Debagoiena, lanerako prest
Klabe horretan pentsatzen jarrita, eskualdeari begira jarri natzaio, izan ere, alferrikakoa izango da erantzunak elkarrekin eman behar direla defendatzea, horretarako desiorik ez badago. Beraz, ba al dago elkarlanerako nahirik? Ikusten al da beharrik? Debagoienean, ba al dago lehengairik? Kezkatzen gaitu gure seme-alabei utziko diegun etorkizunak? Gertu gaude emateko? Gertu gaude elkarrekin eraldaketa bultzatzeko? Batzuek pentsatuko dute ezetz, nahiago dutela euren egunerokoan sortzen zaizkien arazoak kudeatu, nork bere zilborrera begiratu eta indarrak euren ongizate ekonomiko baten alde xahutu. Beste asko, eta eskualde honetan ez dira gutxiengoa, lanerako eta ekintzarako gertu egongo dira, erronkak identifikatu, ideiak mahai gainean ipini eta proiektuen mesedetan ahal dutena emateko. Bailara ekintzailea izan da gurea; beti jakin izan dugu egoera zailetan aurrera egiten, edo kooperatiben bailara da hau bezalako esaldiek ohartarazten digute bailara langilea, ekintzailea, berritzailea eta kooperatzailea izan dela gurea, eta oraindik ere izaera horretatik tiraka emateko asko izan genezakeela. Adibide bi emango ditut elkarlanaren bidea lantzeko nahia eta beharra dagoela defendatzen dutenak eta orain oraingoak direnak, gainera. Joan den astean, Bergaran egin zen Eskualdeko Sarearen I. Topaketan ikusitakoa da lehenengoa. Ia 80 eragile elkartu ziren bertan, eskualde saretu eta batu batek etorkizuneko erronkei erantzuna emateko izan dezakeen ahalmena balioan ipintzeko. Ia 80 eragile batu ziren, udazkeneko arratsalde ilun eta euritsu baten, eskualdean lankidetzatik eraldaketa ahalbidetzera datorren proiektu baten babesean. Ez da gutxi! Bide beretik mintzo da joan den astean Goiena telebistak eskaini zuen Debagoiena eskualde batua erreportajea ere. Alegia, lankidetzarako eta kooperaziorako urratsak egiteko beharra dagoela eta bide horretatik etorkizun itxaropentsua ikuskatu genezakeela esatera. Oraindik ere bide emankorra dagoelako lantzeko eta horrek aukeraz beteriko eszenatoki bat zabaltzen digulako. Egindakoa nahikoa ez delako, eta egitekotan, elkarrekin eta ikusmira zabaltzetik egin beharko delako. Beraz, egingo dugu ahalegina, elkarrekin eta norabide partekatuan, erantzunak bilatzeko?