Sistemak, arauak, teknologia… etengabe ari dira aldatzen eta horretara moldatu eta egokitu beharra dugu. Ikaste-garaian jasotako formazioa ez da nahikoa izaten, eta bizitzak aurrera egin ahala ikasten jarraitu beharra dago, lanok azkarrago eta eraginkorrago egin nahi baditugu behitzat!
Bestalde, urteak dira hezkuntzak ere euskararen aldeko apustua egin zuela, gaur egun lan-mundura hurbiltzen ari diren gazteek ikasketa prozesua euskaraz egin dute, eta beste hizkuntza batzuk menderatzen badituzte ere, euskara izan da ikasteko erabili duten oinarrizko hizkuntza. Horregatik da harrigarria gaur egun lan-mundura begira eskaintzen den etengabeko formakuntzan zein ikastaro gutxi eskaintzen diren euskaraz. Eta are harrigarriagoa, gure inguruko administrazioak eta enpresa-munduak azken hiru hamarkadetan egin duten euskararen aldeko apustua ikusita. Adibide gisa IVAPek, 2016an egin duen formakuntza-ekintzen katalogoa.
Katalogo horretan 178 ikastaro eskaintzen dira, horietako 92 (% 52) euskaraz. 92 ikastaro horietatik 37 (% 40) euskara-maila hobetzera bideratutakoak dira, eta beste 33 (% 36)hizkuntzaren inguruko gaiak lantzeko dira. Eskainitako guztiak kontuan hartzen baditugu, 178 ikastarotik, 22 (% 12) dira euskara ikasteko edo euskara erabiltzeko ez den gairen bat euskaraz lantzera bideratutakoak.
Hala ere, ez direla gutxi irudituko zaie batzuei, baina gure inguruko udaletako langile gehienek euskara dutela lan-hizkuntza kontuan hartuta, datua pobre samarra iruditzen zait.