Gauza bat da egoera desberdinetan daudenak berdin tratatzea eta beste bat da berdintasunaren printzipioaren arabera tratatzea. Generoaren edo hizkuntzaren ikuspegitik ari bagara, berdintasunaren printzipioak beste neurri bat hartzen du. Aipatu berri ditudan egoera bi horietan garbi dago parekatzen ditugunak ez daudela egoera berean. Gauzak aldatzen badoaz ere, oraindik gizonek eta emakumeek ez dituzte aukera berdinak. Hizkuntzaren aldetik ere gauza bera esan dezakegu: gaztelania eta euskara ez daude maila berean. Hizkuntzen kasuan egoera diglosikoa bizi dugu, bi hizkuntza ditugu baina bata askoz ere indartsuagoa bestea baino, eta hori garbi ikusten dugu hizkuntza bakoitzean egin ahal ditugun gauzak konparatzen hasten garenean. Esate baterako, hizkuntza batean eta bestean eskura ditugun komunikabideak, literatura, medikuak, zerbitzuak… zerrenda etengabea izango litzateke, aldea ikaragarria da.
Egoera desberdinetan daudenak berdin tratatzea ez da berdintasuna. Berdintasunak zera esan nahi du: aukera berdinak izateko aukera ematea, ekitatea jorratzea. Horregatik da hain beharrezkoa tokian tokiko hizkuntzen aldeko babes-neurriak eta maila soziala garatzeko neurriak hartzea.
Berdintasunaren printzipioaren arabera presentzia handiagoa, nabarmenagoa eta neurri laguntzaileak beharko lituzke egoera apalagoan dagoen hizkuntzak, gure kasuan euskarak, egunen batean beste hizkuntza batzuek eskaintzen dituzten aukera berdinak eskaini ahal izateko.