EITBko kazetariek garbi adieraziko diote solaskideari euskara hutsean egin dezakeela, gaztelaniaz edo bietara. Gainera, ikus-entzuleek begi onez hartuko omen dute euskarari leiho bat irekitzea gaztelaniazko kateetan. Egia esan, ez dut orain artean horrelako trantzerik pasatu beharrik izan. Baina, horrelakorik gertatu eta euskaraz egin ondoren, “orain gaztelaniaz” esango balidate, zer?
Ba, seguruenez, ez nuke gaztelaniaz egingo; zergatik egin gaztelaniaz? Dagokion kazetariari lana errazteko? Nik esan nahi nuena ez aldatzeko? Zaila egiten zait horretarako argudiorik aurkitzen. Nire ustez, gaztelania nagusi den katean tarteka euskarazko adierazpenak agertzeak ez luke arazo larririk sortu beharko. Alde batetik, gero eta jende gehiagok ulertzen du euskaraz, nahiz eta gero hitz egin ez; eta bestetik, euskarak presentzia izango luke kate erdaldunean eta prestigio apur bat jasoko luke.
Baina EITBk ausartago jokatu beharko lukeelakoan nago. Ulertzen dut aldaketa bortitzak arriskutsuak gerta daitezkeela, hala ere, denborarekin euskarak presentzia gero eta handiagoa hartzen joan beharko luke, adierazpenetatik hasi, denborarekin albiste batzuk eta aurrerago saioak gaztelaniaz eta euskaraz tartekatuz, eta beti ere saioen kalitatea gordez.
Amets egitea libre da. Baina ametsak egia bihurtu artean, eskerrak etxetik hurbil euskara hutsean aritzen diren medioak ditugun, Goiena tarteko.