Ura bizi-iturri, tarteka itogarri

Erabiltzailearen aurpegia Miel Guridi 2015ko mar. 16a, 11:13

A zelako urte hasiera izan dugun, garaiari dagokio, baina urtarrilean, lehen hamar egunak kenduta ia guztietan egin du euria; otsailean, bost egunetan izan ezik, gainerako guztietan negarrez izan dugu zerua.

Horrelakoetan ura itogarri suertatzen zaigu, baina ura bizi-iturri da, eta hori gogorarazten digu Nazio Batuek izendatutako Uraren Nazioarteko Egunak, martxoaren 22ak.

Ura osasuna da, ezinbestekoa. Asteak eman ditzakegu jan gabe, baina urik gabe egun gutxi batzuk baino ez. Eskuak sarri garbitzea, esaterako, germenak, gaixotasunak eta beste pertsona batzuk kutsatzea ekiditeko biderik egokiena da. Egunero behar dugu ura, edateko, janaria prestatzeko eta gorputza garbitzeko, baita saneamendurako ere.

Ura natura da, eta ekosistemak uraren ziklo osoaren erdian daude, bai basoak, bai hezeguneak, bai zelaiak. Hala ere, eredu ekonomiko gehienek ez dituzte ekosistema horiek kontuan hartzen, eta horrek ekosistemak degradatzera garamatza.

Ura industria da. Kontuan izan auto bat fabrikatzeko igerileku bat betetzeko baino ur gehiago behar dela. Produktu batzuek beste batzuek baino gehiago behar dute: 10 litro paper-orri bat egiteko, 91 litro 500 gramo plastiko egiteko… Hala ere, industria gehienen lehentasuna produktibitatea handitzea da, ez ura era eraginkorrean erabiltzea eta kontserbatzea. Zer egiten dute enpresa aurreratuenek? Ura zertan gastatzen duten aztertu eta kontsumoa murrizteko bideak jorratu.

Ura janaria da. Ur litro bakarra nahikoa da kaloria bat ekoizteko, baina uraren erabilera ez eraginkorrak kaloria hori sortzeko ehun litro ur erabiltzea eragin dezake. Mundu mailan nekazaritza da uraren erabiltzailerik nagusiena eta badu zertan hobetu uraren erabilera eraginkorragoa egiteko: ur-galerak ekidin, ur-kopuru berarekin produktibitatea handitu. Pentsa euria ura dela, eta ura bizi-iturri. Zaindu ura!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak