Gizarteak ez du ezaugarri hau asmatu baina bai ordea mugatu; nor maitatu dezakezun, nor ez, zenbat denboran zehar, ze modutan… eta abar inposatuz. Denboran zehar, maitasunaren kontzeptuak bilakaera izan du, garaiko testuinguru soziopolitikoaren ispilua izanik.
Laranja erdi izateko hezi gaituzte, beste gizaki baten osagarri izan behar garela bizitzan aurre egiteko eta honek, ez dauka zentzurik, bakarrik jaio eta hilko garen bezala bizi behar baikara. Gizabanakoari dagozkion ezaugarri guztiak generoaren arabera sakabanatu dira, mutilei; indarra, ekimena, adimena eta boterea emanez eta neskei aldiz, zaintza eta emozioak egotziz. Tartean, bikote eredu harreman honetan, betierekotasuna, heterosexualitatea, esklusibitatea, menpekotasuna eta harremanarekiko jabetza ideiak ere sustatu direlarik. Maitasun erromantikoaren eredua da hau, mendebaldeko gizartean inposatu dena.
Maitasuna, askatasuna da, beraz, aukera askekoa izan behar da. Norberak ikertu behar du bere nortasunaren eraikuntzarako aberasgarria den bidea; monogamia edo poligamia zein poliandria, heterosexualitatea edo homosexualitatea… Maitasun erromantikoa politikoa da, ez dago bidezkoa ez den maitasunik, maitatzeko era ezberdinak daude.