Bakardadea epidemia bilakatu da eta arazo honi erantzun instituzionala eman behar diotela erabaki dute. Paradoxikoa da, baina, komunikazioaren garaian, bakardadea arazo larri bihurtu da. Ikerketa batek dioenez, bakardadean bizi den pertsona batek urtebete pasa dezake inorekin hitz egin gabe, ikaragarria benetan. Hau gutxi balitz, bakarrik daudenek hainbat gaixotasun larri izateko askoz ere aukera gehiago dute. Pentsa genezake adineko pertsonen arazoa dela bakarrik, baina adin guztietako jendearengan omen du eragina.
Etengabe konektatuta gaude, 24 ordu 365 egunetan zehar, eta, hala ere, askok ez dute inor aurrez aurre hitz egiteko. Agian, Eusko Jaurlaritzako Bakardadearen Saila laster ezagutuko dugu gurean, goi mailako aditu, teknikari, laguntzaile eta funtzionarioz osatuta. Izan ere, noiz eskatu diozue azkenengo aldiz gatza edo ozpina ondoko auzokideari? Agian, irtenbidea denon esku dago.