115 eurotan, iraultzailea izan daiteke. Belarrian sartu ahala, aplikazio baten bitartez, gailu honek ulertzen ez ditugun hizkuntzak itzuliko ditu bat-batean, Interneten beharrik gabe. Hitz egiten ari diren bi pertsonek eraman beharko dute gailua, hori besterik ez. Momentuz, lau hizkuntzatan funtzionatuko du: frantsesez, ingelesez, italieraz eta gazteleraz.
Teknologiak abantaila handiak ekarri ditu eta gehiago ekarriko ditu, baina, batzuetan, beldurra ere sorrarazten du. Mugikorrak sortu zirenetik, ez dakigu buruz telefono zenbaki bakarra ere, Facebook-ek abisatzen digu gure lagunaren urtebetetzea dela, eta, zalantzaren bat dugunean, buruari bueltak eman barik, hor dago Google, ez duguna gogoratzen gogorarazteko. Orain, berriz, zertarako ikasiko ditugu hizkuntzak, itzultzailea belarrian badugu?
Erosotasuna eta abantailak alde batera utzita, nahikoa izango dugu jaiotzez jasotzen dugun ama hizkuntzarekin? Eta, oso urruti joan gabe, zer gertatuko da hizkuntza bat irakasteko eta mintzatzeko egiten diren ahalegin guztiekin? Agian, beste hizkuntza bat ikastea bitxikeria hutsa bilakatuko da denbora gutxi barru eta Babelgo eleaniztun mundu ederrean bizi garela ahaztuko zaigu.