Nire (beste) niak

Erabiltzailearen aurpegia Marina Etxegoien 2015ko ots. 10a, 10:14

Egun hauetan, Auschwitz askatu zela 70 urte bete dira. Honen harira gogora etorri zait irakurri berri dudan liburua: Javier Cercasen El impostor.

Bertan, Enric Marco-ren bizitza kontatzen da. Marcok asmatutako bizitza bat eraiki zuen, beste gezur askoren artean, deportatua izanik nazien kontzentrazio esparru batean egon zela guztioi sinestaraziz. Iragan faltsu honi esker, trantsizio garaiko elkarte askoren buru izatea lortu zuen –CNT, Mauthausengo lagunen elkartea–, eta hauen eskutik, ospea eta mirespen orokorra. 

Salatu eta agerian utzi zutenean, gezurra esan zuela onartu zuen, baina gezur hori egi handi baten zati txiki bat besterik ez zela zioen. Baina, hori horrela balitz ere, gezurra ez al da beti gezur? Egiaren eta gezurraren arteko muga askotan ikusezina da, bestela zergatik iruditzen zaizkigu besteak beti gu baino langileago, osasuntsuago, ederrago, hau da zoriontsuago? Gezur txikien bitartez gure ezaugarri positiboak nabarmentzen ditugu, negatiboak ezkutatzen ditugun neurrian. 

Denok eraikitzen dugu egunero gezur txikiz osatutako fikziozko errealitate bat –harreman berrietan, adibidez, edota lanean gure gaitasunak azpimarratzeko–. Enric Marcoren antzera, denok eraikitzen dugu sarritan beste ni bat, guztiz benetakoa ez dena baina bizitzeko beharrezkoa duguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak