Hala nola justizia Altsasuko gazteentzat –ez ditzagun ahaztu–; justizia Osakidetzako langile batek oposizioetan izaten diren irregulartasunak publikoki salatu eta berehala lanetik kanporatua izateagatik; justizia Europar Batasunak errauskailu berriak debekatzeko legedia sartu aurretik, presaka eta modu irregularrean –SWAP kredituak–, gipuzkoarron gaitasun ekonomikoa urte askotarako zorpetzeagatik eta hau guztiau modu demokratikoan geldiarazten saiatu diren Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini kartzela-zigorrak ezartzen ahalegintzeagatik.
Nik neuk Iruña-Veleia aferan justizia egin dadila irmoki eskatu nahi dut.
Justizia Eliseorentzat eta bere lantaldearentzat, epai baten zain 10 urte luzez, baina publikoki eta profesionalki zigortua.
Zoritxarrez, kasu honetan ere komunikabide gehienek nahita edo utzikeriagatik ahaztuta, orain da momentua epaiketa hasi aurretik iluntasunetik atera eta argitara ateratzeko.
Eta zer eskatzen du defentsak? Aztarnategian aurkitutako ostrakak Europan homologatuta eta horrelako kasuak aztertzeko prestatuta dagoen laborategi homologaturen batera bidaltzea. Pentsa, datu moduan: horrelako laborategi bat ez dauka ez Guardia Zibilak, ezta Ertzaintzak ere.
Ni ezkorra naiz; izan ere, nahi izan balitz, argudio zientifikoak soilik erabilita, kasu hau aspaldi konponduta egon beharko luke, baina, Pink Floydek kantuan dioen bezala, paretan zirrikituak irteten hasi dira. Dagoeneko argitaratu dira Europa mailako lehen lerroko zientzialarien – arkeologoak…– txostenak, non dioten Iruña-Veleiako aurkikuntzak benetakoak direla.
Mesedez, ez dezagun Eliseo Gil Euskal Herriko Marcelino Sanz berri bat bihurtu; oraindik denbora daukagu, eta, abestiak dioen bezala, esperantzara kondenaturik gaude.
Post-data: zientziak irabaziko du.
----------
Mikel Errasti
Aretxabaleta