Gatzbidien

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Errasti 2019ko urr. 5a, 00:00

Joan den irailaren 8an, igandean, aretxabaletar askorendako kuttuna den Kurtzebarri mendiko eguna ospatu zen.

Egun hartako goiza oso zatar esnatu zen, umela, eta, mendira begiratuz gero, berriz, lainoa ere nahiko behean –Anbotoko Mari ibiliko ote zen edo... nork daki–.

Horrela, ba, egun berean beste aukera bati heltzekotan, Gatzbidie egitea, alajaina, Eskoriatzatik Gatzagara doan oinezko bidea.

Bueno, ba, ez naiz harturiko hautuaz damutuko.

Izan ere, etxetik urrun joan gabe, ezagutzen ez nuen beste altxor berri batekin gozatzeko aukera paregabea dastatu nuen.

Ibilaldi hau umeekin egin daiteke, eta, era berean, aproposa da mendiko aldapa gogorretan ibiltzera ohituta ez dagoen jendearentzat –neu barne–; alegia, guztiz gomendagarria.

Niri, bide hau egiteak xarma berezia sorrarazteko bi baldintza, behintzat, badauzka; alde batetik, bizitza guztian, autobusez edo kotxez ezagutu eta eginiko eremu asfaltatu batetik asko urrundu gabe, nola aldatzen den inguratzen gaituen perspektibak, eta, batez ere, zer-nolako lasaitasuna transmititzen duen eremu natural batean paseatzeak, kotxeen zarata entzun gabe.

Eta, hain zuzen ere, xarmangarri egiten duen bigarren baldintza bidearen inguruan egindako lana da; eskoriatzar eta gatzagar batzuei entzundakoaren arabera, bidearen txukuntze lanak bukatu gabe daudela badiote ere, nabaria da lana sendo eta ganorazkoa egin dutela han.

Egun hartan, gidari lanak eta azalpenak prestuki eman zizkigun pertsonak –barkatu nire buru trakets honek zure izena ez badu gogoratzen...– behin eta berriro azpimarratu zigun bezala: "Hemen egindako lana baserritarren eta gure arteko sinbiosia izan da".

Alajaina, baserritarrek beraien lurraldeetatik bidea egiteko baimena eman, baina, ibilbidearen noranzkotik ez irteteko, pasabide asko hesituta daudela, paseatzera goazenok ez dezagun artalde zein zelairik kaltetu.

Gaur egungo gizarteak berekoitasunera eta kontsumismora bultzatzen gaitu, eta niri, asko gustatu zait sinbiosiaren kontzeptu hori; hain zuzen ere, gure bizitzako edozein arlotan kontuan hartzeko ikasgai ederra.

Post-data: ni neu, dagoeneko, hurrengo urteko Gatzbidien irteera noiz helduko zain nago.

----------

Mikel Errasti

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak