"Gu ere joango ginateke hondartzara, zuzenean"

Erabiltzailearen aurpegia

Aukera edukitzea, behinik behin, nahiko genuke. Besterik ez.

Zuzenean joateko hondartzetara, autobus batetik jaitsi, beste bat hartu edo tren bat hartu beharrik izan gabe.
Izan ere, oñatiarrok kondenatuta gaude sekulakoak eta bi egiteko Euskal Herriko kostara ailegatzeko.

Guztiok jakingo duzuenez, inguruko herrietan zuzeneko autobusak dituzte Donostiara joateko, esate baterako. Eta kostaldeko beste leku batzuetara, noski.

Baina guk, oñatiar gizajook, gurutze-bidea egin behar dugu itsasoko uraz disfrutatu nahi dugun bakoitzeko. Lehenengo, autobusa hartu behar dugu, Zumarragara, adibidez, eta han, berriz, trena. Gogaikarria izateaz gainera, garestia ere bada, oso. Eta krisi garai hauetan, pentsa...

Horrekin guztiorrekin, noizko autobus zerbitzu duina oñatiarrondako? Autorik ez hartzeko eta garraio publikoa erabiltzeko aholkatzen dute agintariek, baina ze preziotan? Egunen baten iritsiko gara zuzenean hondartzara...

Tira, aurten dagoeneko ez, udazken bete-betean gaudelako, baina ea datorren urterako Oñati irla isolatu izateari uzten dion, gai honi dagokionez, behintzat.

Hori espero dugu, behintzat, eta hori eskatzen segituko dugu.

------------------------------

Mikel Errasti
Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.