Adarrak gora eta sustraiak behera, ehunka urtez bizi daitezke zuhaitzak. Lurrean ongi errotuak daude, lurraren trinkotasunaren eta hezetasunaren bermatzaileak. Sustraietatik xurgatzen dute atmosferan askatuko duten ura. Aberastasunaren eta bioaniztasunaren sortzaile dira oihanak eta basoak.
Emakumeek harreman handia dute basoarekin. Indiako Andra Pradesheko emakume adivasientzako askatasun eremuak dira basoak. Zuhaitzak ez dauden leku lauetan begi askok kontrolatzen dituzte emakumeen joan-etorriak eta horrek beraien askatasuna murrizten du. Kasu batzuetan, ezin dute pixa edota kaka egin ilundu arte. Basoan, berriz, emakumea nahi duenean joan daiteke komunera.
Zuhaitz bakoitza ekosistema bat da. Gizakioi eta beste espeziei ematen diguten guztia kontuan hartuz, zaindu beharreko ondare ukiezin bezala izan beharko genituzke zuhaitzak. Euskal Herriko erakundeek aurrekoa bermatzeko lege batzuk idatzi badituzte ere, egiaz bermatuko lukeena gauzatu beharko lukete.
Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua aurkako noranzkoan, okerreko bidetik doaz. Horren lekuko, azpiegitura handiei buruzko politika.
Martxoaren 19an, 1.200 zuhaitz landatuko ditugu, auzolanean, Angiozarren, AHTrako birrindu nahi dituzten lurretan. Kutsu patriarkala duen data honetan, euskal agintarien lurralde antolaketarako planak patriarkalak direla salatu nahi dugu.
Lurra, ura eta bizitza politikaren, ekonomiaren eta egunerokotasunaren erdian jarri nahi ditugu. Emakumeek betidanik egin dutena nabarmenduz eta aitortuz. Agintariek ea behingoz ikasten duten.
----------
Mila Elorza, Itziar Pou eta Beatriz Arana
AHTaren aurkako kideak
Debagoiena