AHTa gelditu!

Erabiltzailearen aurpegia Mila Elortza 2015ko eka. 12a, 00:00

8 urte igaro dira AHTa egiteko lanak hasi zirenetik. Ordutik hona mito bat erortzen ikusi dugu. Agerian gelditu da AHT ez dela bideragarria eta ez dakarrela inongo onurarik gizartearentzako.

Proiektua inposatu nahian ari direnek ez digute esaten zenbat diru gastatu duten orain arte eta ez dakite zenbat gehiago beharko den aurrerantzean, ezta noiz amaituko dituzten lanak ere. Gero eta zalantza gehiago Euskal Herrian sekula eginiko inbertsio handienaren gainean, bultzatzaile burugogorrei errealitatea ikusten uzten ez diena: Parisekin eta Madrilekin loturarik ez dauka eta Bilbo, Gasteiz eta Donostia artean aurreikusitako denborak gero eta handiagoak dira, autoen edo autobusen ia parean egoteraino. 

Estrategikotzat saldu nahi izan diguten proiektuari errealitatea gailendu zaio. Eraikuntza lanek ekarri behar omen zuten bultzada ekonomiko handia ez du inork ere ikusi, hango eta hemengo alderdi politikoetako lagun minak diren eraikuntza-enpresari handiek izan ezik, poltsikoak ondo bete dituztenak, gero eta maizago azaleratzen diren ustelkeria kasuak lekuko. Prekarietatea eta lan istripuak AHTko lanetan ari diren langileen eguneroko ogia dira, gehienak azpikontraten eskuetan harrapatuta, lan eta segurtasun baldintza negargarrietan, zazpi hildako eragin dituztenak.

Diru-xahuketa honen erantzuleek, EAJ-PNVk, UPN-PPk eta PSE-PSN-PSOEk, ez daukate inongo arazorik urtero aurrekontuen zati handi bat obra honetara bideratzeko. Badakite diru hori maileguan eskatu behar dela eta gero eta zor handiagoa pilatzen dutela eskuetan dituzten gobernuen gainean. Aldi berean, esaten digute ez dagoela dirurik gizarte zerbitzuetarako eta kultura edo ekonomiako bestelako arloetarako.

Egoera hau ikusita, manifestaziora deitzen dugun talde eta erakundeek hau exijitzen dugu:

1-Berehala AHTko lanak geldiaraz ditzatela. 

2- Proiektu arranditsu honi bideratzen zaizkion diru-partidak erabili daitezela jendarteak dituen benetako premiei: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak... euro bat gehiago ere ez AHTrako! 

3- Ireki dadila eztabaida tekniko, sozial eta politikoa azpiegitura honen inguruan, herritarren parte-hartze, informazio eta erabakitze prozesu batekin batera, guztion artean erabaki dezagun zer egin proiektu honekin.

Dei egiten diegu herritar eta elkarteei bat egin dezaten ekainaren 13an Donostian AHTa gelditzeko egingo dugun manifestazioarekin.

----------

Mila Elortza

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak