Hala idatzi nuen 2000ko martxoaren 31ko Arrasate Press-en. Usteak uste zutabea idazten nuen orduan, astekariaren zuzendari legez. Lizarrako akordioaren haritik sortu zen Batera plataformaz ari nintzen orduko hartan.
Eta gauzak zer diren... 25 urte geroago jakin dut egun hartan bertan, 2000ko martxoaren 31n, batera joan zirela Debagoieneko euskara elkarte guztiak Goiena komunikazio kooperatiba sortzeko paperak sinatzera; estatutuak legeztatzera. Egia esaten hasita, ez naiz askorekin akordatzen. Argazki baten irudia daukat akorduan; oker ez banago, notariotza euskaldun bakarraren bulego aurrean, Bilbon. Baina duda egiten dut han nintzen edo kontatu egin didaten. Izatekotan, Antzuolako Idolaz elkarteko kide legez joango nintzen.
Akorduan dudana da ordurako Arrasate Press-en ari nintzela, baita Kontuola-n ere –Bergarako Berrigara-rekin batera Antzuolan banatzen sortu zen hamabostekaria–. Hori dena gogorarazi didate urteurrena gogoan Goienatik deitu didatenean. Baina, berriro diot, ez naiz akordatzen Bilboko irteeraz. Bai, ordea, eskualdeko aldizkariak Goienkaria-ra egokitu zirenekoa; lehenengo Goienkaria ateratzeko pasa genituen estutasunak. Goio Arana diseinatzailea gure zain, eta gu, Eneko eta biok, Xabier Arzalluzi egindako elkarrizketa ontzen, laburtzen; Goienkaria-ren lehenengo zenbakian argitaratu genuen hura.
Gure lehenengo astekari bateratu hartan huraxe izan zen elkarrizketa nagusia. Euskal Herrian albiste zen Lasaren eta Zabalaren auzia epaiaren zain geratu zela. Ameriketako Estatu Batuak Elian Gonzalez haur kubatarra hartu edo ez erabakitzen ari ziren, eta NBEk Kosovoren gerrillari giza eskubideen kontra aritu izana leporatu zion. Aktoreak aldatu egin dira, baina albisteak ez dira hain desberdinak 25 urteren ostean.
Baina harro esan nezake hartu genuen erabakia, euskara elkarteek hartu zuten erabakia, erabaki ona izan zela, tokiko euskarazko komunikabideen alde.
Zorionak, Goiena! Zorionak, Debagoiena!