Ez nuen ezagutzen, baina deigarria egin zait zientzialaria den aldetik egin duen aldarrikapena. Dimisioaren arrazoia izan da frogatuta dagoela zientzia onarentzat arrisku bat dela Elon Musk, baina Royal Societyk ez duela horrelakorik esango. Antza, erakundeak Musk kide gisa onartu zuen 2018an, haren berrikuntza teknologikoengatik. Yatesek salatu du Muskek erakundearen portaera-kodearen kontra egiten duela; zientziaren beraren kontra jotzen duela. Eta horrelako tipo bat kide gisa izatea onartezina dela, erakunde horren prestigioa tarteko.
Asko eta aldiro ari gara AEBez berbetan nonahi. Trump Etxe Zurira iristeak eragin duen lurrikararen eragin-uhinari neurria hartu ezinda gaude, gu eta munduko agintariak. Mexiko, Kanada, Groenlandia, Panama, Ukraina... izotz-mendiaren punta baino ez direla dirudi, gizon horrek buruan zer darabilen asmatzea ezinezkoa baita. Baina Muskek jakin du haren lagun min izaten; haren aholkulari baino gehiago, zaldiei xuxurlaka ari zaien gizon bihurtu zaio. Orain gutxi, Musken sare sozialean idatzi du Trumpek dirulaguntzarik gabe lagako dituela protestak baimentzen dituzten ikastetxe, unibertsitate eta gainerako hezkuntza zentroak. Gehitu du agitatzaileak atxilotu egingo dituztela, edo euren jatorri-herrialdeetara bidaliko dituztela, eta ikasle estatubatuarrak betiko kanporatuko dituela, baita atxilotu ere, delituaren arabera.
Hala ere, lagun batek esaten dit ez dugula buelta ematen asmatuko. Ez dela inolako iraultzarik sortuko tipo horiei aurre egiteko. Baina nik baikorra izan nahi dut. Eta beste lagun batek aipatu didanez, Musk hasi omen da kezkatzen Mangionebat ez ote dioten egingo –United Healthcare aseguru-enpresa handieneko zuzendaria erail zuen Luigi Mangionek, eta iritzi publikoan erailketa txalotu ez, baina justizia egin izana aitortzen diote–. Kontua da, Muskek aholkatuta, Trumpek administraziotik kaleratu dituen asko eta asko militar erretiratuak direla, eta, ondorioz, ez dela pentsaezina erabaki drastikoren bat hartuko dutela. Ikusmina badago.