Zera, txorrota? Bueno, txorrotik ez dauka; hontz-buru erraldoi baten mokoa da. Orain gutxi ikusi dut eta ez zait batere gustatu; hontz-burua diot. Iruditu zitzaidan gehiegizkoa zela, iturriaren gorputzarekin alderatuta; guztiz neurriz kanpokoa. Proportzioak ondo ez direla kalkulatu iruditu zitzaidan. Arteari buruz ezer jakin barik, badirudi ez dituela betetzen Vinciren proportzioak. Are gehiago, esango nuke burua gehiegizkoa dela iturriaren gorputz mehe horrentzat. Izan ere, iturria, garbituta, dotore geratu da eta bere apaingarri guztiak inoizko ederren bistaratu dira. Baina buru hori, hontzarena, tumatxa begitandu zait.
Brontzez egindako iturria da Kalebarrengoa. 1895ean jarri ei zuten han, iturri osteko plakak gogoratzen duenez. Iturriari begira nintzela pasa zen ondotik Ibon eta hark kontatu zidan zelan garbitu zuten eta zelan, garbitu ahala, bistaratu ziren ez bakarrik apaingarriak bere osotasunean, iturri-gorputzaren albo bietara, baita plaka bi ere aurrealdean: batak Servicio de aguas dio; besteak, Bolueta. Ibili naiz Bolueta etxearen bila, eta garai hartan, Bilboko Bolueta auzoan zegoen burdingintza enpresarik ezagunena Santa Ana de Bolueta ei zen. Baina ez dut topatu erreferentziarik han brontzea lantzen ote zuten; hortaz, ezin izan dut asmatu zein izan zen Boluetako artista. Oraingoa badakigu Avilesko Auriga etxeak egin duela; hontzaren galdaketa. Goienan irakurri dut.
Iturriari begiratuz gero, alboetan iturriaren gorputzaren tamainarekin lerratzen diren arrain-gizaki buru bi ageri dira –Triton jainko greziarra irudikatzen edo–, eta zutoin guztia dago landua goitik behera. Dotorea, baita ere, ura batzen duen platera, maskor moduko bat duena iturrira lotzeko. Baina gero jarri diote hontz-burua, eta, esan bezala, haren mokotik jausten da ura eten barik, eta, ai, ba, uste dut, zintzoki, gainera, ez dela ondo ezkontzen ez iturriaren gorputzaren tamainarekin, ezta alboetako beste figurekin ere.