(De)sareak

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2024ko aza. 15a, 00:00

Sare sozialak informazioa erraz partekatzeko kanal ziren.

Baina, hain justu, mezuak oso erraz zabaltzeko aukera horrek bihurtu ditu gezurrak hedatu nahi dituztenen gustuko esparru, konfusioa eragin nahi dutenen leku, eta anonimotasunaren pasaporte globalak are eta askatasun handiagoa ekarri dio era horretako jardueran aritu nahi duen orori.

Agian, sare sozial izendapena ere aldatu beharko genieke horrelako jarduerak arautzen ez dituzten –are gehiago, sustatzen dituzten– plataformei. Saretzeko baino gehiago lubakiak eragiteko baino ez dutelako balio eta sozialetik gutxi dutelako, kontuan izanik zer-nolako lobbyak arin diren mezu eta estrategia manipulatzaileak sustatzen.

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeen ezaugarri ere bilakatu dira, adimen artifizialarekin sortutako irudi-muntaiak eta albiste faltsuak zabaltzeko. Baina ez bakarrik.

EHUko errektorea aukeratzeko hauteskunde kanpainan, hautagaitzatako baten kide bat anonimotasunetik aritu da beste hautagaitzaren kontrako mezu iraingarriak zabaltzen. Ez zaio ondo atera. Baldarregia izan da erabili duen modua; are gehiago, haren dimisioaren ostean, sare sozial berean baina izen-abizenekin idatzi zuen "irismen publikoa izateko asmorik gabeko mezuak" izan zirela, "jarraitzaile gutxirekin" partekatzeko komentarioak.

Ez dakit zer pentsatu, Rick; faltsua dirudi. X sare sozialak, oraindik, 245 milioi erabiltzaile ditu egunero, Demandsageatariaren arabera.

Valentziako DANAk eragindako triskantzaren harira ere ikusi ditugu (des)informatzaileak gezurretan, tragedia bera nahikoa ikaragarria izango ez balitz legez. Informazioaren ikusgarritasunak, espektakularizazioak jan gaitu; notiziak ematea jada ez da nahikoa; esajerazio, eskandalu eta esperpento bihurtu ditugu titularrak; itxuragabetzeak hartu dio lekua gertaerak kontrastatu eta ahalik eta neutroen kontatzeko ofizioari; eta etsigarria da, are gehiago, ofizioan ari garenon ikuspegitik.

Erandioko Astrabudua auzoan izan naiz etxegabetze bat jarraitzen, eta, poliziei bezala, guri ere, mikrofonodunei, bota dizkigute perlak. Asmatu egiten ditugula albisteak, ezkutatu informazioa... Hala ere, kontatu genuen 70 urteko emakumea 7.000 euroko mailegua eskatzeagatik ezarri zioten gehiegizko klausulei aurre egin ezinda geratu zela etxe barik; mailegua eman zion enpresak, bai ala bai, abal moduan ondasun higiezinak eskatzen dituelako; negozioa ez direlako mailegua itzultzeko interesak, abal gisa jarritako etxeak baizik. Baina hori ere legezkoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak